“Aro berria, Zero Zabor aroa” ekitaldi-ikuskizuna, larunbatean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 10a, 09:30

“Aro berria, Zero Zabor aroa” ekitaldi ikuskizunera joateko gonbita luzatzen ari da herritar eta eragileei egunotan, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea. Hitzordua, larunbat goizeko 11:30etan Sutegin. “Ikusentzunezkoen laguntzaz, hondakinen kudeaketaren ingurukoak, azken hamarkadan izandako gertaeren errapasoa egin, eta etorkizunera begira jarri nahi dugu, gipuzkoarrei ildo horretan urrats berriak egitera gonbidatuz”, antolatzaileen esanetan.

Larunbateko ekitaldian zer da islatu nahi duzuena?

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea: Legegintzaldia bukatzera doa eta balantzea egiteko unea da. Hauteskunde kanpainan sartu aurretik, kanpaina bat egingo dugu hilabete hauetan. Honen baitan Euskal Herriari oro har, baina Gipuzkoari bereziki mezu bat helarazi nahi diogu. Azken 4 urteotan mugarri bat jarri baita. Zaborraren eta erraustegiaren aroan geundela sartu ginen legegintzaldi honetan. Eta zero zabor aroaren hastapenetan amaituko dugu. Inflexio puntu hori eman da.

Legegintzaldi giltzarria izan da.

Guk inflexio puntu zehatza jartzen dugu, errauste planta bertan behera utzi zen egun horretan. Baina honako hau, modu batean sartu eta bestela aterako garen legegintzaldia izango da. Aro berri batean sartu gara Gipuzkoan, hastapenetan gaude eta aro berri hau guztion artean garatu behar dugu. Gipuzkoaz ari garenean, jendartea osatzen duten sektore guztietaz ari gara, norbanako, gizarte eragile, erakunde, alderdi politiko, sindikatu, enpresa, unibertsitate eta abarrez. Gonbidapen zuzena eta zabala egiten ari gara arlo guztietako jendeari, azken finean haiek islatzen dutelako gizartea bere osotasunean. Guztientzat mezu bat dugu; aro berri batean sartu gara baina aro berri hori guztion artean garatu behar dugu. Guztiok dugu gure arloaren barruan gure ardura eta zer irabazia. Bakoitzak bere modura.

Aro berri honetan sakontzea izango da beraz, hurrengo legegintzaldiko erronka?

Legegintzaldi honen balantze positiboa egiten dugu. Baina bidea ez da bukatu, hasi egin da. Urrats handiak egin ditugula ikusarazi nahi dugu, baina beste asko egiteke daude arlo askotan. Askotan zero zabor lotzen dugu hondakinen bilketa eta tratamenduarekin.

Haratago doa ordea?

Materialak kudeatzeko gizartearen antolaketa osoa sartu beharko litzateke eta hor egiteko asko dago; ikerketan eta garapenean, unibertsitatean, enpresetan bestelako zerbitzu eta produktuak eskainiz, erakundeetan hori guztia sustatuz eta arauak sortuz, hezkuntzan balioetan eta ikuspegi horiek belaunaldi berrietan txertatuz, hedabideak horren guztiaren berri emanez… Egiteko eta irabazteko asko dugu.

Epe motzerako urratsik?

Egin dena nabarmendu nahi dugu. Aro berrian sartu eta esparrua markatu eta zabaldu behar dugu. Aldaketa ez dela mugatzen hondakinen bilketa eta tratamendura. Askoz ere zabalagoa dela aldaketa hori. Epe motzerako lehentasunen artean orain, azpiegituren gaia ixtea legoke.

Nola baloratzen duzue, zenbait eragile politikok azken aldian erraustegia eraikitzeko agertu duten asmoa?

Argi probatu da halako azpiegitura bat ez dela beharrezkoa, eta ez dela komenigarria ikuspegi askotatik; ingurumen, osasun, ekonomia aldetik…. Ez dago argudio bakar bat horren defentsa egiteko, errealitateari serio begiratzen badiogu. Praktikarekin frogatu da erraustegia ez dela beharrezkoa. Orain, atzera bueltarik ezin dugu onartu. Alderantziz, martxan jartzen hasi den beste eredu hori garatu behar dugu, guztiontzako onuragarria delako.

Larunbateko ekitaldira gonbidatzen ari zarete eragile eta herritarrak…

Ekitaldi arina planteatu dugu. Oinarri nagusia bideo proiekzioa izango da. Bideo honetan, hondakinen gaiak azken hamarkadetan izan duen garapena erakusten da, elkarrizketa eta irudi batzuen bidez. Bideo hori Usurbilgo Udalak diruz lagundu du. Bestetik, Usurbilgo herritarrek gai honetan protagonismo handia izan dute. Behar izan denean hor egon dira. Kasu honetan ez gatoz lana edo ahalegina eskatzera, herritarrek merezi duten errekonozimendu horretan egoteko eskatzera baizik.

Irudia: Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea.