Astebete baino ez da geratzen, zirrara eta emozio handia eragiten duen 19. Korrika abiatzeko. Euskal Herria “Euskahalduntzera” datorren euskararen aldeko ekimenak, martxoaren 19an Urepelen egingo ditu lehen urratsak. Hamar egun beranduago Bilboko helmugara heldu arte, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du. Zubieta, Usurbil eta Aginagara martxoaren 22an iritsiko da, eguerdi partean. Antolatzaileek hasiera batean iragarria zutena baino zertxobait beranduago, 13:41 aldera hartuko omen du lekukoa herri honek, Lasartetik Zubietako hipodromo aldera doan zubian. Eta ordubete inguru beranduago emango zaie oriotarrei, Aginagako Mapil parean.
Zubietatik Aginagara arteko ibilbidean lekukoa eskutan izango duzuen herritarrontzako oharra. Jaso ahala, Korrika Batzordeko kideak zuekin harremanetan jarriko dira egunotan eta dortsalak banatuko zaizkizue. Lekuko hartze bakoitzeko bi dortsal banatuko dira. Gainera, “lekuko bakoitzari azalduko diogu nondik nora egingo duen lasterka eta gutxi gorabeherako ordua”, antolatzaileen esanetan. Urepelen abiatu eta hiru egunera helduko da 19. Korrika Usurbila. Unea gerturatu ahala ordu zehatzagoa jakingo dela adierazi dute antolatzaileek. Zertxobait aurreratu, edo berandutuko den alegia. Momentuz hauxe 19. Korrikak, inguruotan osatuko duen ibilbidea:
Martxoak 22, igandea
13:41 Korrikaren lekukoa hartzea, Lasartetik Zubietako hipodromora doan zubian. Zubietatik Santuenera eta Santuenetik Kaxkora.
14:00-14:10 alderako 19. Korrika Kaxkoan: Oxtape, Kalezar eta Mikel Laboa plaza ondoko errotonda zeharkatu ostean, Udaletik behera Kale Nagusira, eta euskaltegi paretik N-634 errepidera, Aginagarantz.
14:20 aldera, 19. Korrika Aginagan.
14:40 aldera, Mapilera heldu eta oriotarrek hartuko dute lekukoa.