Aurten amaitzear den negua modu berezi batean agurtuko dugu. Hala diote adituek. Eguzki-eklipse partziala iragarri dute udaberrian sartuko garen egun berean, martxoaren 20an. Ilargiak eguzkiaren %71 estaliko omen du inguruotan. Eta ondorioz, argitasuna jaitsiko dela nabarituko dugu.
Usurbilen, goizeko 9:10etan hasiko da eta bi ordu eta laurden iraungo ditu, 11:25 aldera arte. Eklipseak eragin handiena, goizeko 10:15etan izango du. Ilargia eguzkiaren %71 estaltzera helduko da.
Lainoek eklipseaz gozatzen uzten badigute behintzat, ez ahaztu ohiko aholkuez; garrantzitsuena, ez begiratu zuzenean eguzkitara. Begiak egoki babestu. Espainiako Astronomia Behatokia gai honi buruzko informazio zabala eskaintzen ari da web gune bidez. Bertan besteak beste, udalerrietako posta zenbakia idatzi eta herrika, martxoaren 20ko eklipseak izango duen eraginari buruzko datuak jaso daitezke. Honako informazioa eskuratu dugu Usurbilen inguruan: eguzki-eklipsea . Datu gehiago baita, Iruñeako Planetarioaren atarian ere. Honatx helbideak:
Hurrengoa, 2 urte barru
Inguruotan ikusgai izan genuen azken eguzki eklipsea, 2013ko azaroaren 3an izan zen. Eragin oso txikia izan zuen halere. Hurrengoa, 2017ko abuztuaren 21ean, baina ez omen dugu askorik antzemango, eguzkia ezkutatzear denean izango baita. Ilargiak eguzkia erabat eklipsatzeko, 2026ra arte itxaron beharko dugu. Bi urteko tartean, hiru eklipse espero dira; lehenengoa, urte horretako abuztuaren 12an. Bigarrena, 2027ko abuztuaren 2an. Eta azkena, 2028ko urtarrilaren 26an; eraztun itxurako eklipsea.
Eklipsea, urtaro aldaketa egunean
Eguzki-eklipsea bizi eta ordu gutxira agurtuko dugu aurtengo negua. Egun berean, martxoaren 20an. Gauerdirako minutu gutxi falta direla sartuko gara udaberrian: 23:45etan.