Zumarte Musika Eskolak urtero beste musika eskola batekin egiten dituzten elkartruke egitasmoen baitan, aurtengoan, Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolako ikasleak bisitan datoz ostegun honetan, 19:00etan Sutegira. Zumartekoekin batera, emanaldia eskainiko diete XI. Soinurbil Musika Astearen baitan, kultur etxeko auditoriora gerturatuko direnei.
Datorren asteartean, martxoaren 17an, usurbildarrak izango dira elkartruke esperientzia honen barruan, Elgoibarkoen egoitzara joango direnak. Emanaldia eskainiko dute bi musika eskoletako kideek, 19:00etatik aurrera. Elkartrukeen bidez, musika eskoletan lantzen dutena ezagutzeko aukera paregabea izango dugu:
Martxoak 12, osteguna
19:00 Elgoibarko Musika Eskolarekin trukaketa Sutegin.
Zehaztasunak: "Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolako ikasleak Usurbilen izango ditugu, bertan ikasitakoaren emaitza erakutsiz".
Martxoak 13, ostirala
20:00 Reunion Big-Band Taldea frontoian.
Zehaztasunak: "Reunion Big Band Europako hainbat tokitatik etorritako eta Euskal Herriko Goi-Mailako Musika ikastegian (Musikene) ikasitako hogei bat musikari gaztek osatutako jazzeko formazio handi bat da. Swing tradizionaletik hasi eta egungo jazzeko joera berrietara arteko errepertorioa landu dute, musika latinoa eta funka ahaztu gabe".
Martxoak 15, igandea
Legazpiko Musika Banda
11:30 Kalejira.
12:30 Emanaldia frontoian.
Zehaztasunak: "Legazpiko herrian ez ezik, gure artean oso ezagunak diren beste ekitaldietan ere parte hartu izan du Legazpiko Musika Bandak. Usurbilen zuzenean entzuteko aukera izango dugu".
Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.