Usurbilen atez ateko bilketa abiatu zela sei urte beteko dira datorren astelehenean, martxoaren 16an. Urteurren egun horretan, bilera deitu dute arratsaldeko 18:00etan Zubietako Kaxkapen. Zubietan atez ateko bilketaren lehen fasea martxan jartzera doaz eta hondakinen kudeaketan ematera doazen aldaketaren nondik norakoak azaltzeko deitu dute aipatu bilkura, Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak. "Bilera hau irekia da eta bertan sortu daitezkeen zalantzak eta/edo kezkak azaltzeko aukera izango da", antolatzaileen esanetan.
Atez ateko bilketa oraingoz ez da Zubieta osora hedatuko. "Herri honen berezitasunak direla eta, soilik lehen fasea gauzatuko da, hau da, Santueneatik Zubietako Kaxkoraino dagoen tartea, Araundi kalea, Txakurtxulo eta Barrenetxeko etxebizitzak", bilera deitu duten erakundeek ohar bidez zehaztu dutenez.
Usurbilgo esperientziaren eredugarritasuna ikusita erabaki dute Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak, urrats berri hau ematea; "beste pausu bat ematera goaz: Zubietan, lehen fase batean, atez ateko hondakinen bilketa zerbitzua ezartzera".