30 bat lagunek eskatu duzuen moduan, guztira 65 bidoi ekarri dituzte NOAUA!ko egoitzara. Horietatik 39 oliba olio bidoi ekologiko eta 26 bidoi konbentzional. Datuokin, ezin esan besterik. Harrera ezin hobea izan du, Errigora ekimenak antolatu berri duen kanpainak. Nafarroa hegoaldeko oliba olio bidoiak saltzeko eginiko deialdiak erantzun bikaina izan du Usurbilen.
Usurbilen eta baita Euskal Herri osoan ere. Errigoratik helarazi dituzten lehen datuen arabera, 9.100 bidoi saldu dira, 45.500 litro. Iaz baino %50 gehiago. Udalerri gehiagotara hedatu baitute kanpaina. "Beste 20 bat herri edo auzotan ere izan da aukera eskariak egiteko. Errigoraren saretzean jendea eta ilusio berria gehitzen ari da. Gainera Internet bidez eskariak egiteko aukerak saretze horretan beste elementu bat gehiago dakar". Guztira, Errigora ekimenekoen esanetan, "3.000 despentsa kontsumo arduratsuaren bidean".
Gogoan izan zeintzuk ziren prezioak:
-Oliba olio birjina estra ekologikoa: 5 litro, 28 euro.
-Oliba olio birjina estra konbentzionala: 5 litro, 20 euro.
"Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura"
Hauxe, Errigorakoek kanpaina berrirako hautatu duten leloa. #ESKUTIKeskura egitasmoaren bidez, bertako produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea proposatzen digute Errigoratik. Iaz, 30-35 herritan bideratu zuten kanpaina hau, eta 30.000 litro olio banatzea lortu zuten, "ehunka lagunen lanari eta ilusioari esker". Aurten, 50 herrietara hedatu dute egitasmoa eta bigarren olio ekoizle bat batu da proiektura.
"Asko gara udazkeneko kanpainako keinuaz haratago, gure kontsumo ohiturak birplanteatu eta, urrunekoen ordez, urte osoan bertako jakiak kontsumitzeko prest gaudenok. Horretara dator #ESKUTIKeskura, Nafarroa hegoaldeko produktuak herriz herri eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskaintzera, despentsa urte guztirako betetzeko. On egin!", diote Errigoratik.
Kalitatezko jakiak eskuratzeko aukera eskaini, Nafarroa hegoaldeko nekazari eta ekoizleen ogibidea babestu eta ingurumena zaindu nahi dute, proiektu honen bidez. Merkaturatze bide berri bat zabalduz, auzolana sustatuz eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat egokiak diren prezioak finkatuz.
Oliba olio bidoien kanpaina amaitu ostean, kontserba loteen egitasmoa sustatuko dute Errigoratik, maiatzean.
Informazio gehiago: http://www.errigora.eus/nafarroa-hegoaldeko-uzta-eskutik-eskura/
Eskaerak sarean: http://www.errigora.eus/eskutik-eskura/#