Beterriko Garapen Agentzia martxan

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 12a, 15:13

Halako egiturarik ez zuen Gipuzkoako eskualde bakarra zen gurea. Bere beharra sumatzen zuten. Aurrez elkarlanerako hitzarmen eta proiektu batzuk gauzatu izan dituzte, baina "ez zegoen egitura formalik". Orain bai ordea. Martxan da jada, Beterri Garapen Integralerako Agentzia. Hedabideen aurrean aurkeztu dute eskualdeko alkateek, goizean Hernaniko Orona Fundazioan. "Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgo enplegua sortzeko erreferentziako agentzia da Beterri. Herri hauetako sustapen eta garapen sozioekonomikoa bultzatzeko eta bertako biztanleen ongizatea bermatzeko tresna izan nahi du garapen integralerako agentzia berri honek", sustatzaileen esanetan.

Eskualdeko langabeziari aurre egin nahi zaio, "langabeziaren egoera aldatzeko estrategia eta azpiegiturak ezarriz". Eskualdeko herritar, enpresa eta eragileekin elkarlanean, "Beterriko ekonomia eta enplegua sustatuz, garapen sozioekonomikoa planifikatu eta garatuko duen erakunde erreferentea bihurtzea da helburua".

Innoforo eta Kooperatzen

Jada eskualdeko enpresa eta erakundeekin elkarlanean landu dituzte zenbait proiektu. Horien artean da Innoforo. "Innoforo proiektuak aukera berriak sortuko ditu ekonomia suspertzeko, eta tokiko eragile eta enpresen arteko elkarlana bultzatuko du, datozen urteotan lanpostu berriak sortu eta jarduera ekonomikoa berpiztuko duten proiektuak sustatzeko. Proiektu honen helburua ekonomia eta enplegua sustatzeko aukera berriak sortzea da. Horretarako, eskualdearen tokiko garapena bultzatzeko ardatz estrategikoak definitu dira", eskualdeko udalen esanetan.

Abian duten beste egitasmo bat; Kooperatzen. "Tokiko ekonomia garatzeko egitasmoa da, eskualdeko udalek lankidetzan sortua eta ekintzaile berriei zuzendua. Zerbitzu berri honek enpresa berriak sortzeko beharrezkoak diren prestakuntza, baliabideak, azpiegiturak eta aholkularitza eskaintzea du helburu. Honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu: prestakuntza, beka-sariak, finantziazio-aholkularitza eta jarraipen indibiduala". Berri eman dutenez, 24 ekintzailek parte hartzen dute, 19 beka sortu dira langabezian zeuden pertsonentzat eta 14 ideia ekintzaile aztertzen ari dira.

Garapen Agentziaren dekalogoa

1-Enplegua sortzeko erreferentziazko tresna da Beterri.

2-Pertsonen ongizatea izango du helburu. Hala, eredu justu baten alde egingo du, eta honako hauek sustatuko: lan-baldintza duinak, soldata duina, parekidetasuna, asebetetze-maila handia, eta lana eta familia uztartzea.

3-Aholkularitza eta gidaritza eskainiko du, besteak beste, enpresa sortzeko, lana aurkitzeko eta prestakuntza jasotzeko.

4-Eragileen dinamizaziorako koordinazio-gunea izango da, estrategiak adosteko espazioa.

5-Garapen sozial eta ekonomikoa helburu, eragileen arteko sarea osatuko da.

6-Metodologia berriak ezagutu, zabaldu eta komunikatuko ditu etengabe.

7-Lan-eredu berriak sortu, gauzatu eta garatuko dituzten eragileen babesleku eta lorbidea izango da Beterri; proiektu berriak martxan jartzeko bultzada.

8-Eraginkortasunaren izenean arituko da lanean.

9-Elkarlana eta enpresa horizontalaren eredua izango ditu oinarri, eta erabaki-guneetan enpresaburuek eta langileek parte hartzea defendatuko du.

10-Aukera berriak sustatzeko eta enpresen arteko sinergiak bultzatzeko gunea da Beterri.

Garapen Agentziaren lan sailak

-Ekonomia soziala.

-Enplegua, ekintzaileak eta enpresa.

-Lurralde-artikulazioa.

-Turismoa.

-Merkataritza.

-Kultura/komunikazioa.

Garapen Agentziak eskainiko dituen zerbitzuak

1-Enplegu zerbitzua: lana eskuratzen edo hobetzen lagundu eta horretarako propio sortutako programa edo zerbitzuez baliatu.

2-Ekintzaile-zerbitzua: lurralde ekosistema ekintzailea eragin, eta haren dinamizazioa, identifikazioa, garapena eta bizkortzea bultzatu.

3-Enpresa-zerbitzua: ekitatea hobetzen lagundu, berrikuntza, plangintza, sustapena eta nazioartekotzea hobetzea ahalbidetuko duten tresnen bidez.

4-Merkataritzaren sustapena: merkataritzaren eraginkortasuna, ekitatea eta iraunkortasuna hobetu eta merkataritzako jarduera eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren bidez sustatu.

5-Turismoaren sustapena: turismo-jarduera baliabide ekonomikoen, lanaren eta aberastasunaren sortzaile gisa dinamizatu.

6-Sektore sortu berrien edota estrategikoen sustapena: udalerri edo eskualde bakoitzaren baitazko funtsezko sektoreen finkapena, mantentzea edo hazkundea sustatu.

Informazio gehiago: 

beterri.eus

beterri@beterri.eus

Florida auzoa, 28 Hernani 20120

943 25 63 47