Elgoibarko Inazio Bereziartua eta Usurbilgo Zumarte Musika Eskolek egunotan egingo duten elkartrukearen baitan, lehen saioa eskaini zuten atzo arratsaldean Sutegin. Musika instrumentu talde ezberdinetako ikasleak igo ziren kultur etxeko auditorioko oholtzara. Erakusketa aretoan jarri zuten pantaila handi baten bidez, XI. Soinurbil Musika Aste barruko emanaldia zuzenean jarraitzeko aukera eskaini zuten antolatzaileek. Datorren asteartean, martxoaren 17an, usurbildarrak izango dira elkartruke esperientzia honen barruan, Elgoibarkoen egoitzara joango direnak. Emanaldia eskainiko dute bi musika eskoletako kideek, 19:00etatik aurrera.
Reunion Big Band
Hitzordu berri bat ostiral honetan. Oraingoan, musika Sutegiko lau hormetatik atera eta frontoira hedatuko dute, Reunion Big-Band Taldekoen kontzertuarekin. Jazz doinuak, ostiral iluntze honetan, 20:00etatik aurrera frontoian.
Musika Asteko azken hitzordua, asteburuan. Legazpiko Musika Banda dator igande goiz eta eguerdi partean, herri erdigunea girotzera:
Martxoak 13, ostirala
20:00 Reunion Big-Band Taldea frontoian.
Zehaztasunak: "Reunion Big Band Europako hainbat tokitatik etorritako eta Euskal Herriko Goi-Mailako Musika ikastegian (Musikene) ikasitako hogei bat musikari gaztek osatutako jazzeko formazio handi bat da. Swing tradizionaletik hasi eta egungo jazzeko joera berrietara arteko errepertorioa landu dute, musika latinoa eta funka ahaztu gabe".
Martxoak 15, igandea
Legazpiko Musika Banda
11:30 Kalejira.
12:30 Emanaldia frontoian.
Zehaztasunak: "Legazpiko herrian ez ezik, gure artean oso ezagunak diren beste ekitaldietan ere parte hartu izan du Legazpiko Musika Bandak. Usurbilen zuzenean entzuteko aukera izango dugu".
Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.