Kontzertu gaua larunbatean, 00:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. Bi talde gonbidatu dituzte hitzordura; batetik Malta zarauztarrak. Eta haiekin, herrian osatu berri den talde bat, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza izandako oholtza gainean ikusiko dugu. Kezka laukote usurbildarra; Xabier Zubeldia (kitarra), Mattin Iribar (kitarra eta ahotsa), Josu Romero (bateria) eta Xabi Lazkano (baxua).
Duela astebete Lasarteko Elebeltz Topagunean emanaldia eskaini ostean, etxera bueltan datoz, eta estreinako kontzertua eskainiko dute Usurbilgo Gaztetxean, larunbat gauerdian. "Lasarten gustura jo genuen ezagunen artean. Halere Usurbilgo Gaztetxean jotzeko ilusioz gara. Herriaren aurrean beti ilusio handiagoa ematen du", adierazi diote NOAUA!ri, Kezka taldekoek.
Taldearen izaera eta izenaz galdetu diogu. Izena, egungo musika panoramarekiko agertzen duten kezkatik omen dator. Teknoa edo pop musika nagusitzen ari den garai honetan, galtzen ari den heavy musika estilotik gertu sentitzen baitira Kezkakoak.
Pozik dira halere, lehen emanaldi hauetarako jasotzen ari diren babesagatik. Aipaturikoa; larunbat gauerdian, Usurbilgo Gaztetxeko oholtza gainean izango ditugu.