#Kilometroak15 ekimenari begira, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak, Hurbilagok, eta Udarregi Ikastolak. "Kilometroak ekimenean bi erakundeen arteko elkarlana aurreikusten da, biek bat egiten duten helburuak direlako, tokiko ekonomia sustatzea, bertako kultura eta gizarte ohiturak babestea, herritarren arteko harreman sareak osatzea, finean, herrigintzarako ekarpenak egitea. Ekimen honek Usurbil eta herritarrentzat izango duen garrantzia handia izango da, eta indarrak batzeko nahia aurkeztu dute bi aldeek", hitzarmenak jasotzen duenez.
Elkarlan honen baitan, 5.000 euroko diru-laguntza emango dio Hurbilago Elkarteak Udarregi Ikastolari. Hau da, bai urtean zehar antolatuko diren ekimenetarako eta #Kilometroak15 egunerako, antolakuntzak 5.000 eurora arteko gastua egin ahalko du Hurbilagoko kide diren establezimenduetan. "5.000 euroko saldo erabilgarria duen Hurbilagoko kreditu txartela entregatuko zaio Udarregi Ikastolari (goiko irudikoa), Kilometroak jaia antolatzeko Hurbilagoko saltoki eta tabernetan egiten diren gastuetarako. Gastu hori Hurbilagoko saltoki ahalik eta gehienen artean banatzea bultzatuko da eta horretarako, 5.000 euro horietatik gehienez ere 300 euro erabili ahal izango dira saltoki berean erosketak egiteko", hitzarmenaren arabera.
Tonboletarako materiala doan
Hurbilagoren bazkidetza promozioetan, ostalari eta merkatarien elkarteak Gattunk denda promozionatuko du baita. Eta Hurbilagoko bazkideek, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko dendan ere erabili ahal izango dute bazkidetza txartela. "Hurbilago txartelarekin ordaindu eta Hurbilago txartelaren deskontu eta promozioak eskuratu ahal izango dituzte Kilometroak 2015 dendako bezeroek", hitzarmenak dioenez.
Bestalde, maiatzaren 17ko Sagardo Egunean, Santixabeletan eta #Kilometroak15 egunez antolatuko diren tonboletarako, "zozketagarriak izan daitezkeen artikulu eta produktuak doan ipiniko dituzte Hurbilagoko dendek; trukean, produktu horiek eskaintzen dituzten denden publizitatea egingo du Kilometroakek".
Udarregi Ikastolak bere aldetik, "Kilometroak ekimenerako egin beharreko erosketak Hurbilagoko saltokietan egiteko konpromisoa hartzen du". Eta Hurbilago Elkartearen promozio lana egiteko ardura baita: "Urtean zeharreko publizitate euskarrietan Hurbilago elkartearen irudiari presentzia emateko ahalegina egingo du Kilometroakek".