Serio izan dadila eta Garapen Agentziarekin legea bete dezala eskatu dio PSE-EEk Bilduri

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 13a, 20:12

Eskualde mailako “ustezko garapen agentziaren aurkezpenaren inguruan” Bilduko alkateek atzo Oronan egin zuten agerraldiaren aurrean, sozialistek salatu nahi dute “Bildukoek kea baino ez dutela saltzen, langabe daudenak engainatuz”.

PSE-EEk galdetzen du “ea zer nolako seriotasuna duen alderdi guztien ezezkoa duen ‘txiringitoa’ martxan jartzeak, eskualdeko herri guztien partehartzerik gabe, forma juridiko  definitu gabeko agentzia sortuz. Eta udaletxe batzuetako idazkariek eta kontuhartzaileek legez kontrakoa dela dioten txostenak tarteko izanda. Ez dugu ulertzen nola esatea duten  xehetasun batzuk baino ez direla horiek guztiak, beren funtzionamendurako oinarrizko kontuak direnean”.

PSE-EEk jakin nahi du Bildukoek nola nahi duten sei udaletxeak ekimen honen parte bihurtzea hilabete gutxi batzuetan, “orain arte beste alderdi politikoekin akordioetara iristearen aurka azaldu direnean. Eta dena, euren kontrola ziurtatzeko euren ‘txiringitoa’ osatzen tematu direlako”.

Sozialistentzat, agentzia honek, sorreratik, edozein alderdikeriren gainetik egon behar du. “Horregatik, gardena eta izaera publikoa duen erakunde bat sustatu behar da hasieratik. Figura juridiko egokiena mankomunitatea dela defendatzen dugu PSE-EEtik. Eskualdean, udaletxeek parte hartzen duten organo publiko ia gehienetan baliatzen den figura juridikoa. Juridikoa eta publikoa ere baden figura, kontrolekin, non idazkari eta kontuhartzaile karguak udaletxeetako funtzionarioek betetzen dituzten modu publikoan eta gardenean. Eta ez Bilduk egin nahi duen bezala, inolako kontrolik gabe”.

Udal hauteskundeetarako bi hilabete falta direnean, PSE-EErentzat “negargarria da ustezko garapen agentzia honetaz Bilduk egin duen erabilera elektorala”. Hedabideen aurrean kea saltzen ari direla eta indarrean den legedia ez duela betetzen diote sozialistek.

Azkenik instituzioak nahieran erabiltzeari uzteko eskatu dio PSE-EEk Bilduri, “proposatutako agentzia ereduaren estatutuen aurka agertu zirelako Lasarte-Oriako zein Urnietako Udalak. Eta harritzekoa da Andoaingo alkatea prentsaurrekoan ikustea, Bilduk hasieratik bere barneratzeari trabak ipini dizkiolako”.