Norabide berean bat eginik, elkarlanean pauso berriak ematen segitzeko deia egin diete goizean Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteko kideek, txoko ezberdinetatik Sutegira gonbidatu dituzten, herritar, eragile eta erakundeei. Elkarlanean jarraitzera, urrats berriak ematera deitu zaie, geurea zero zabor lurraldea izan arte.
Ingurumen alorreko eragileak, sindikatuak, alderdi politikoak, enpresak, hezkuntza munduko ordezkariak, alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kideak... Eta nola ez, usurbildar eta zubietarrak tartean. Arlo ezberdinetako ordezkariak gonbidatu nahi izan dituzte kultur etxeko auditorioan antolatu duten "Aro berria, zero zabor aroa" ekitaldi-ikuskizunera. Guztiek batera, atzera begira jarri dira lehenik. Ordu erdi inguruko bideo proiekzio batekin, azken hamarkadotan hondakinen kudeaketak izandako bilakaera errepasatu ahal izan dute; erraustegiaren mehatxua, proiektu honi aurre egiteko eta alternatibak eskaintzeko sortutako herri mugimendua, gaikako bilketa izugarri igoarazi duten hondakinak kudeatzeko bestelako esperientzien abiatzea... Zenbait une gogoangarriez oroitzeko aukera egon da baita; 2011ko Zubietako flash mob ekimena, errausketaren aurkako mobilizazio historikoak...
Eta noski, bide luze honetan, bestelako eredu bat posible zela sinistuta, zero zabor eredua sustatzen, gauzatzen, garatzen elkarlanean aritu diren herritar, eragile eta erakundeen parte hartzea ere islatu da proiekzioan. Bide beretik jarraitzeko gonbita luzatu dute, errauste planta bertan behera geratu osteko aro berri honetan ere. Herritar, eragile eta erakundeetako ordezkaritza zabal bat igo da Sutegiko oholtzara, talde argazkiok atera eta etorkizunean ere, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa dutela adieraztera. Irudiotan dituzue, jasangarritasunaren adierazgarri, zero zabor mugimenduaren ikur diren uztaiak eskutan dituztela: