Sei urte bete dira astelehen honetan, Usurbilen hondakinen kudeaketan emandako iraultzatik. Edukiontziak agurtu, eta herritarren eguneroko ahalegin txiki batekin, gaikako bilketa %30 ingurutik %80ira igotzera heldu zenetik. Usurbilen atez atekoak 6 urte betetzen dituen egun honetan, bilketa sistema honen eremua zabaltze bidean dela berri eman behar dizuegu. Laster, Zubietan ere hondakinak atez ate biltzen hasiko baitira.
Sistema honen lehen fasea martxan jartzera doaz eta hondakinen kudeaketan izango duten aldaketaren nondik norakoak azaltzeko bilera deitu dute astelehen honetarako, martxoak 16, Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak, arratsaldeko 18:00etan Zubietako Kaxkapen. "Bilera hau irekia da eta bertan sortu daitezkeen zalantzak eta/edo kezkak azaltzeko aukera izango da", antolatzaileen esanetan.
Atez ateko bilketa oraingoz ez da Zubieta osora hedatuko. "Herri honen berezitasunak direla eta, soilik lehen fasea gauzatuko da, hau da, Santueneatik Zubietako Kaxkoraino dagoen tartea, Araundi kalea, Txakurtxulo eta Barrenetxeko etxebizitzak", bilera deitu duten erakundeek ohar bidez zehaztu dutenez.
Usurbilgo esperientziaren eredugarritasuna ikusita erabaki dute Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak, urrats berri hau ematea; "beste pausu bat ematera goaz: Zubietan, lehen fase batean, atez ateko hondakinen bilketa zerbitzua ezartzera".