Arantzazura oinez joateko gonbita, apirilaren 2an

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 16a, 07:59

"Egun pasa egiteko irteera oso polita” prestatu du herritar talde batek, apirilaren 2rako. Azken hiru hamarkadetako ohiturari eutsiz, badira “Ostegun Santu” egunez, urtero Usurbildik Arantzazurako bidea oinez osatzen duten mendizaleak. Usurbildarrak eta inguruetako herrietatik etorritako kideek osatzen dute taldea. Goizean goiz, frontoi atzetik abiatu eta tipi-tapa Gipuzkoako mendietatik barrena Arantzazuraino joaten dira oinez.

Duela 30 urte baino gehiago, “3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. Jende gehiago elkartu nahi dute taldera. “Mendizalea dena animatu dadila”, luzatzen dute gonbita. “Oso bide polita da. Paraje berriak ikusteko aukera eskaintzen du. Toki berrietatik ibiltzekoa. Gehiena mendi bidea da”, diotenez.

Usurbil-Arantzazu bidea, oinez

Eguna: apirilak 2, osteguna.

Abiatzeko hitzordua: goizeko 05:00etan, Mikel Laboa plazatik.

Ibilbidearen luzeera: 63 kilometro.

Zeharkatuko dituzten txokoetako batzuk: Andatza, Ziortzako langa, Andatzarrate, Zelatun, Mandubi, Itsaso-Ezkio, Zumarraga, Legazpia, Udala gaina, Aizkorri ingurua, Katabera eta Arantzazu.

Iraupena: 12-13 ordu.

Prezioa: 50 euro, autobuseko joan etorriak eta eguneko otorduak barne. Aipatu diru kopurua, egunean bertan ordaindu behar da.

Otorduak: Mandubian hamaiketakoa, Legazpian bazkaria eta Arantzazun afari merienda.

Eraman beharrekoak: biderako otartekoa eta ura. Aldatzeko arropa. Itzultzeko autobus zerbitzua, ibilbideko puntu ezberdinetan eta helmugan.

Izen emateko: deitu 600 669 276 (Joxemiel Otaegi).

Irudia: antolatzaileak.