Errioxako Peñaloscintosek harrera egingo die beste urte batez, uda honetan Ziortzako kanpaldira joango diren begirale eta LH 5-6ko eta DBHko gazteei. Ohi bezala, uztailean izango da, Santixabelak amaitu ostean helduko dira lehen txandako gazteak. Kanpaldirako antolaketa lanak abiatu dituzte Ziortzakoek. Aurrematrikulatzeko epea zabaldu dute. Irekita egongo da, martxoaren 31ra arte. Apuntatzeko eta informazio gehiagorako, idatzi ziortzage@gmail.com helbidera. Bestela, Sutegin eta apaiz etxean eskuragarri egongo diren eskuorriak datuekin bete eta apaiz etxeko postontzian utzi.
Izen emateko bi asteko epea egongo da beraz. Tarte horretan, jendaurreko hitzordu bat ere finkatu dute Ziortzakoek. Martxoaren 28an, larunbatez, goizeko 11:00etatik 13:00etara apaiz etxean egongo dira, behar dituenari argibideak ematen. Aurrematrikulazioa egin nahi duenak ere bertara jo dezake egun horretan.
Txandak
Aurreko urteetan bezala, udako kanpaldia bi txandatan antolatu dute. Hona hemen txanden datak eta ze adinetako gazteei zuzenduak egongo diren:
-Lehen txanda: uztailaren 7tik 21era, DBH-koentzat.
-Bigarren txanda: uztailaren 21etik 30era. LH 5-6koentzat.