Santueneatik Zubietako Kaxkoraino dagoen tartean, Araundi kalean, Txakurtxulon eta Barrenetxeko etxebizitzetako hondakinak atez ate biltzen hasiko dira, uztailaren 1etik aurrera. Sistema berriaren lehen fasea abiatzeko data, ekarriko dituen aldaketak eta datozen hilabeteotan bideratuko dituzten prestaketa lanen berri eman zuten atzo Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak, herritarrekin Kaxkapen egin zen aurkezpen bileran.
Bilketa sisteman emango diren aldaketen inguruko informazio bilera izan zen atzokoa, baina ez azkena. Datozen asteotan, Atez Ateko Informazio Bulegoko langile bat etxez etxe ariko baita argibideak ematen, bilketaren kokapenak zehazteko eta egongo balira, bizilagunen ekarpenak jasotzeko.
Kokapenaz ari garela, uztailaren 1erako denak prest egon beharko du. Zintzilikagailuak maiatzean zehar jarri asmo dituzte, Santuenea Zubietarekin lotzen duen bidean zehar edo bidegurutzeetan. Apirilean zehar zehaztuko dira bizilagunekin, bilketa guneak zeintzuk izango diren. Beste puntu garrantzitsua; baliabideena. Hondakinak atez ate biltzen hasiko diren zubietarrek, ekainean jasoko dituzte hondakinak gaika sailkatzeko ontziak. Bi ontzi marroi organikoarentzat eta beste bat, grisa, erreusarentzat. Usurbilen ditugun ontzi berak izango dira. Ezberdintasun bakarra; Zubietaren aipamena jasoko duen irudia izango dutela ontziok.
Aldaketa, erreusaren bilketa zerbitzuan
Erreusaren bilketari loturiko bi ohar jakinarazi zituzten atzokoan; lehena, atez atekoa egingo duten zubietarrei eragingo diena. Hain zuzen, Usurbilen iazko udatik martxan den sortzez besteko ordainketa sistema aplikatuko zaie. Hau da, hiru hilabetero 16,94 euroko tasa finkoa ordainduko dute eta erreus ontzia ateratzen duten bakoitzero, 0,68 euro gehiago. Usurbilen bezala alegia. Erreusaren bilketari loturiko bigarren aldaketa, hau bai, atez ateko bilketa egiten duten zubietar, usurbildar eta aginagarrei eragingo diena. Herritarrek erreusaren ontzia etxe atarira gutxitan ateratzen dutela ikusita, birzikla ezina den hondakin zatia hamabostean behin (bi igandez behin) biltzen hasten aurreikusia du Udalak, uztailetik aurrera. Egun, asteroko zerbitzua eskaintzen du.
Diru kontuekin jarraituz, Usurbilen bezala, %40ko hobaria aplikatzen segiko zaie, auto edo auzokonpostatze egitasmoetan parte hartzen duten zubietarrei. %20koa, egitasmo horietan parte hartu arren, udal zerbitzuren bat baliatu behar dutenei. Zubietako eraikin askok lur eremua dutela ikusita, organikoa konpostatzeko aukera sustatzen segi nahi du Udalak.
Galdeketa, atez atekoaren eremutik kanpo geratuko direnei
Beste aldaketa bat: hondakinak atez ate bilduko zaizkien zubietarrei, Garbitxikiko giltza desaktibatuko die Udalak. "Larrialdi kasuetarako edo bilketa eskaintzen ez zaien etxeei utziko zaie soilik", atzo Kaxkapen ohartarazi zutenez.
Aipatu moduan, oraingoz atez ateko bilketa ez da Zubieta osora hedatuko. Baina sistema honetatik kanpo geratuko diren zonaldeko bizilagunei, Donostiako lurretan bizi diren herritarrei galdetuko zaie ia egitasmo honetan parte hartu nahi duten. Izen emateko zerrenda pasako zaie. Garrantzitsutzat jo zuten galdeketa hau atzoko bileran, ze eskari legokeen jakin nahi luke eta Udalak.
"Sistema eraginkorrena da"
Udalak bezala, Zubietako Herri Batzarrak ere argi du, bilketa sistema honen aldeko apustua egin beharra dagoela. Fernando Iturralde alkateak Kaxkapeko bilkuran zioenez, "sistema eraginkorrena da, hondakinak hobekien sailkatu eta emaitza hoberenak ematen dituenak". Aldaketa honekin, Zubieta kaxkotik urrutien bizi diren herritarrei hondakinak kudeatzeko modua erraztuko zaiela zioen. Bilketa modu berria abiatuko den eremua, Zubieta Kaxkotik aparte gelditzen den zonaldea baita.
Halere abiatzear duten egitasmoa ez dute honetan utzi nahi. Gaurkoz, Zubietak dituen berezitasunak tarteko posible izango ez den arren, bertako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak atez ateko bilketa, faseka Zubieta osora hedatu nahi dute.
Bilketa sistema berrirako prestaketak, aurreikusitako egutegia:
-Apirilean: Atez Ateko Informazio Bulegoko langileak, datozen aldaketen inguruko informazioa emango die bizilagunei, etxez etxe.
-Maiatzean: zintzilikagailuak jarriko dira.
-Ekainean: informazio eta ontzien banaketa.
-Uztailaren 1ean: atez ateko bilketaren hasiera.
Atez ateko bilketa egutegia, Usurbilgo bera:
-Astelehen, ostegun eta larunbatetan organikoa bilduko da.
-Astearte eta ostiraletan plastikoa.
-Asteazkenetan papera eta kartoia.
-Igandeetan, erreusa.
Hondakinak etxe atarian uzteko ordutegia: 06:30-08:30.
Informazio eta argibide gehiagorako, Atez Ateko Informazio Bulegora jo:
Doako telefonoa: 900 776 776.
Ordutegia: 09:00-14:30 (astelehenetik ostiralera)
Helbidea: Puntapax kalea, 10 behea. Usurbil (20170)
E-maila: atezate@usurbil.eus