Atzera kontuan ginen pasa den aste amaieratik eta atzera kontua amaitzear da. Gutxi falta da, egunotan antolatzaileak sare sozialen bidez iragarri dutena plazaratzeko. Urriaren 4an Usurbilen ospatuko den #Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileek jaialdiko abestia ezagutzera emango dute asteazken honetan, hedabideen aurrean. Adi, aireratzear den kantaren aurkezpena iragartzeko, azken egunotan zabaldu eta albiste honetan atxikita doakizuen bideo honi.
Zumetaren murala duzue ikusgai goiko argazkian. Udarregi Ikastolako eraikin berrian eseki dute. Jangelan. Gogoan izan Zumetatarren serigrafiak salgai dituztela Gattunk dendan.
Munduan Gattunk
Arropa, zapia edo txapekin munduko txoko ezberdinetan atera ditzakezuen argazkiak jaso nahi dituzte #Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileek. Irudirik baldin baduzu beraz, bidali kmk15_komunikazioa@udarregi.com helbidera. Edo igo bestela Twitter-era, #GATTUNK traola erabilita.
Tonbolarako materiala uzteko deia
#Kilometroak15, Udarregi Ikastolako eraikin berria diruz laguntzeko baliatu nahi da. Horretan, diru iturriak lortzeko lanean dabil batzordeetako bat. Beste ekimenen artean, tonbola antolatu asmo dute Sagardo Egunean, Santixabeletan eta Kilometroak egunez. Tonbolarako materiala biltzen ari dira. Zuek ere parte har dezakezue. Tonbolarako ekarpenik egin nahi duenak idatzi dezala usurbil@udarregi.com helbidera edo deitu, 943 36 12 16 telefono zenbakira.
Irteeretarako laguntza behar dute
#Kilometroak15 ekimenaren aldeko Gure Zozketa ekimeneko errifak eta materiala herriz herri saltzeko laguntza behar da. Errifak nahiz Kilometroetako materiala saltzen lagundu nahi duenak, Udarregi Ikastolako idazkaritzara gerturatu edo deitu 943 36 12 16 telefono zenbakira.