Jaso ahala, Korrika Batzordeko kideak zuekin harremanetan jarriko dira egunotan eta dortsalak banatuko zaizkizue. Lekuko hartze bakoitzeko bi dortsal banatuko dira. Gainera, “lekuko bakoitzari azalduko diogu nondik nora egingo duen lasterka eta gutxi gorabeherako ordua”, antolatzaileen esanetan.
"Ika, ika, ika... hemen dator Korrika!". Deiadar hau entzuteko geroz eta gutxiago geratzen da. Euskararen aldeko lasterketa, ostegunean arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Urepeletik. Igandean 13:41etik aurrera zeharkatuko ditu Zubieta, Usurbil eta Aginaga. Eta oraingoan, ez dator Korrika bakarrik. Asteburuan zehar izango diren ospakizunen artean dator, Euskal Herria "euskahalduntzera". Usurbilen euskararen urtea dugun honetan, 19. Korrika eta #Kilometroak15 batuko dituen Badok15 ekimenaren baitan.
19. Korrika eta ikastetxeetako Korrika Txikiez gain, ekitaldi ezberdinak izango ditugu asteburuan zehar. Larunbatean, martxoaren 21ean, Ixabel Agirresarobe herritarrak zuzentzen duen Muxurbil antzerki tailerreko helduen taldeak antzezlana eskainiko du Sutegin: “Chejov-en bizpahiru antzezlan motz kontatuko ditugu. Klase sozialei buruzko kritikak jasotzen zituen bere antzezlan zaharrak dira. Gazteleraz neuzkan eta euskaratu ditut. Gehienbat hizkera egokitu dugu”, adierazi dio NOAUA!ri, Ixabel Agirresarobek.
Ordubete baino gutxiagoko emanaldia izango da. Irekia eta doakoa. Agirresarobek aurreratu duenez, “jendea antzezlana ikustera joan eta antzerkia nortzuk egingo duten ikusten badute, segituan esango dute haiekin antzerkia egin nahi dutela”. Ikustekoa izango da ziur.
Afaritarako sarrerak salgai
Sutegiko antzezlanaren ostean, 19. Korrikaren aldeko afaria. Xabi Tellok eta Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestaturiko menu goxo askoa dastatu ahalko da, Udarregi Ikastolako jangela berrian. Sarrerak aurrez erosi beharko dira, Aitzagan edo Txirristran. 15 euroren truke: bakailao piper beteak, masailak saltsan eta gazta tarta. Sagardoa, ardoa, kafea. 100 lagunentzako lekua dago. Mugi beraz, sarrerak agortu baino lehen.
Erromeria, Iñorkiñak taldearekin
19. Korrika Egunean ere ekitaldi ezberdinak programatu dira. Korrika Kaxkora heldu aurretik, eta aldaketarik ez bada, trikitilari talde batek girotuko du herri erdigunea goiz partean. Korrika igaro osterako berriz, Kaxkotik ibilaldi kulturala antolatu da. Herriko ondareaz, kulturaz zertxobait gehiago ikasi, eta egunero igarotzen garen hainbat txokok atzean duten historia ezagutzeko parada emango digu, ibilbidean zehar egingo diren geldialdietan.
Ibilaldia festa giroan ospatu eta dantza batean amaituko da. Iñorkiñak taldekoen erromeria saioarekin, Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian. Iñorkiñak, espreski, 19. Korrika eta #Kilometroak15 ekimena bateratuko dituen jaialdi honetan emanaldia eskaintzeko osatu du, herriko boskote honek: Mikel Alkortak (trikitixa eta abeslaria), Luken Arkarazok (kitarra eta abeslaria), Eneritz Agirrek (abeslari nagusia), Aroa Etxeburuak (baxua) eta Jokin Irastorzak (bateria).
Euskal kanta ezagunak abesten eta dantzatzen jarriko gaituzte, martxoaren 22an. “Euskal Herriko taldeek jotzen dituzten abesti ezagunenetarikoak joko ditugu”, taldetik aurreratu digutenez.
BADOK 15: egitaraua
Martxoak 20, ostirala
15:00-15:30 aldera, Korrika Txiki, Zubietako Eskola Txikian.
Martxoak 21, larunbata
20:00 Muxurbil antzerki tailerreko helduen taldeak eskainitako antzezlana Sutegiko auditorioan; Chejov-en obrak.
Ondoren, afaria Udarregi Ikastolako jangela berrian. Sarrerak Aitzagan eta Txirristran salgai, 15 eurotan. 100 lagunentzako tokia. Menua: bakailao piper beteak, masailak saltsan eta gazta tarta. Sagardoa, ardoa eta kafea.
Martxoak 22, igandea
Eguerdian, 13:00ak aldera Zumarteko trikitilari taldearen kalejira.
13:41 Korrikaren lekukoa hartzea, Lasartetik Zubietako hipodromora doan zubian. Zubietatik Santuenera eta Santuenetik Kaxkora.
14:00-14:10 alderako 19. Korrika Kaxkoan: Oxtape, Kalezar eta Mikel Laboa plaza ondoko errotonda zeharkatu ostean, Udaletik behera Kale Nagusira, eta euskaltegi paretik N-634 errepidera, Aginagarantz.
14:20 aldera, 19. Korrika Aginagan.
14:40 aldera, Mapilera heldu eta oriotarrek hartuko dute lekukoa.
18:00 Ibilaldi kulturala, Dema plazatik abiatuta.
Ibilaldiaren amaieran, Iñorkiñak taldearekin erromeria Mikel Laboa plazan (eguraldi txarrarekin, frontoian).
Martxoak 23, astelehena
Bazkalostean, Korrika Txiki Udarregi Ikastolako irakasle eta ikasleen eskutik. Amaiera frontoian, musika jaialdi batekin.
Ondoren, txokolate dastatzea, Etumeta AEK euskaltegikoen eskutik.
Antolatzaileak: 19. Korrika eta #Kilometroak15.
Oharra: behin behineko egitaraua. Aldaketak egon litezke.
Informazio gehiago: