Goizean Potxoenean egin den #Kilometroak15 ekimenaren abesti aurkezpena, urriaren 4ko jaialdia herrian sortzen ari den mugimenduaz, izaten ari den eraginaz hitz egiteko baliatu dute baita antolatzaileek. Pozik agertu dira hedabideen aurrera. Leloa aurkeztu zenetik ia 4 hilabete igaro diren honetan, "Gattunk", #Kilometroak15 ekimenetik haratago, usurbildarren marka bihurtzen ari dela aipatu dute.
Herri hau egiten ari den lanketa, hurrengo urteetarako Euskal Herri osorako baliagarri eta erreferente izango dela. Aitzindaria baita, hainbat baloreetan. "Udarregi Ikastola garatzen ari den Hezkuntza Proiektu berria bultzatzeaz gain, 2015eko Kilometroetan auzolanean, inklusibitatean, jasangarritasunean eta parekidetasunean sakontzeko lehen harriak jarri nahi dira; harri horien gainean eraiki nahi dugu, pixkanaka, usurbildarrontzat, gipuzkoarrontzat eta euskal herritarrontzat desio ditugun hizkuntza eta herri eredua", antolatzaileen esanetan.
Aurreko irailean inauguratu zen eraikin berrirako finantzazioa lortzea eta ikasturte honetan martxan jarritako hezkuntza proiektu berria, Konfiantzaren Pedagogia deritzona, garatzea dira #Kilometroak15 ekimenaren helburu nagusiak. Helburuok betetzeko, auzolana ezinbestekotzat jo du Mariaje Imaz, Udarregi Ikastolako zuzendariak: "Udarregi Usurbilen sendo errotuta dagoen proiektua da, herriarekin eta herriarentzat lan egiten duena. Alabaina, auzolana eta herriaren partaidetza, hitz eta asmo hutsetan gera ez daitezen, nahitaezkoa da lanketa sakona egitea".
"Herri osoa dago egitasmo honen jiran"
Usurbilen auzolan erraldoia bizitzen ari garela zioen Mertxe Aizpurua alkateak, #Kilometroak15 ekimenaren kantu aurkezpenean. Udalerriak urriaren 4ko jaialdia antolatzeko lekukoa hartu zuenetik, herritarren inplikazioa lortzeko ez dela ahalegin berezirik egin behar izan zioen. "Herri osoa dago egitasmo honen jiran. Lotura hau era naturalean eman da, eta honen arrazoia hauxe da. Usurbilen, herria, hizkuntza eta hezkuntza erabat lotuta daudela Udarregi Ikastolari. Izan ere, Udarregi Ikastolari esker baita ere, hezkuntzaren bidez, herriaren kontzeptua hizkuntzari itsatsita dago", alkatearen esanetan. Bere ustez, egungo Usurbil ezin da ulertu, euskararik eta ikastolarik gabe.
Gaineratu duenez, #Kilometroak15 ekimenari balore gehiago erantsiko dizkio herri honek; parekidetasuna, jasangarritasuna, inklusioa... "Euskal herritar guztientzat izango den festa eguna prestatzeko ahaleginak ere beste urrats bat suposatuko du herri honen garapenean", Aizpuruaren esanetan.