"Gustuko abestia izan eta zuen errepertorian txertatzea espero dugu"

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 18a, 12:01

Hala zioen Mariaje Imaz Udarregi Ikastolako zuzendariak, goizean Potxoenean egin den #Kilometroak15 ekimenaren abesti aurkezpenean. "Lotzen GaTTunk" kantak jarriko dio doinua, urriaren 4an udalerri honetan ospatuko den jaialdiari. Egin berri den aurkezpen ekitaldian parte hartu dute, abestia landu duen taldeko zenbait ordezkarik. Kantaren letrak Jakoba Errekondok sorturikoak dira. #Kilometroak15 ekimeneko onena leloa dela aipatzearekin batera, berak Gattunk hitzari lotzen erantsi nahi izan diola adierazi du. Lotura islatu nahi zuen abestiko letran. "Euskaraz ari bagara, ikastola baldin badugu, hari batek lotzen gaituelako ari gara. Euskararen historiari lokarri luzearen hari gara: iazko Orioko txikotarekin lotzen dugu geure soka, lokarria, lixta, haria", Errekondoren esanetan.

Komunitaterik gabe ez dagoela hizkuntzarik eta "(h)ari garelako bada hizkuntza", bi ideion haritik sortu du letra. Usurbilgo noka ere txertatu nahi du, bere esanetan, aipatu komunitatea emea baita. "Baloreen transmisioa, kulturarena, hizkuntzarena baita ere emea da. Hortik bertako, Usurbilgo hika emearen, nokaren aditzen erabilera: zitxatoztilakoan, genitxatoztinan, gatoztin", Errekondok argitu duenez.

"Kohesiorako asko balio izan digu"

Jakoba Errekondoren letrari, doinua, herriko musikari talde batek jarri dio. Haietako bi kideek parte hartu dute gaurko aurkezpen ekitaldian; Ixak Arrutik eta Labrit Zabalak. Labriten esanetan, letra jaso zutenean, hain ezohiko eta irregularra iruditu zitzaien shock egoeran geratu zirela, "baina hori guztia gaindituta, letraren magiak bizia hartu zuen" .

Hortik aurrerako sorkuntza prozesuan, argi zuten herriko musikarien arteko elkarlana sustatu beharra zegoela. Esperientzia berria izan da guztientzat. Oso ondo pasa dutela nabarmendu dute eta "kohesiorako asko balio izan digu", Ixak Arrutiren esanetan.

Ahotsetan ere nabari da talde lana. Belaunaldi ezberdinetako herritarrek parte hartu dute abestiaren sorkuntza prozesuan. Tartean, Udarregi Ikastolako Jaione Eskudero musika irakaslearen ikasle talde batek. Grabazioan, "izugarrizko festa sortu zuten!" zioen Ixakek aurkezpen ekitaldian.

Abestiaren sorkuntzan parte hartu duten lagunak

Hitzak: Jakoba Errekondo.

Doinua: Herriko musikariak.

Nahasketak: Haritz Harreguyk Higain estudioetan.

Mastergintza: Jonan Ordorikak Mamia estudioetan.

Urtarrilaren 18 eta 19an Elkar Estudioan grabatua.

Jean Phocas eta Victor Sanchez teknikariekin.

Musikariak:

Mikel Alkorta: soinu txikia.

Aroa Etxeburua: baxua.

Jokin Irastorza: bateria.

Ruben Caballero: gitarra.

Olatz Korta: ahotsa.

Josune Aranburu: ahotsa.

Natali Izagirre: ahotsa.

Labrit Zabala: ahotsa.

Jaione Eskudero: ahotsa.

Ixak Arruti: ahotsa.

Antton Aranburu: ahotsa.

Ander Aizpurua: ahotsa.

Udarregi Ikastolako ikasleak: Unax Jauregi, Nora Jambrina, Ane Giraldes, Kerman Rekondo, Aiora Portu, Garazi Tapia, Egoitz Pagola, Ekain Zuriarrain, Peru Agirresarobe, Imanol Uribe, Anuk Harreguy, Nahia Franco, Udane Makazaga, Aritz Aranburu, Maddalen Zabaleta eta Leire Guisado.