Jai Batzordeak finkatu ditu jada, Usurbilgo festetako egunak; uztailaren 1etik 5era ospatuko dira 2015eko Santixabelak. Ostegunez egokituko da aurten, herriko festen eguna nagusia, uztailaren 2a, Santixabel Eguna. Egun hau hartu ohi da erreferentzia gisa, jai egunak zenbat eta zeintzuk izango diren antolatzerako orduan. Eta hala egin du Jai Batzordeak aurtengoan ere; haur, gazte, nahiz helduei zuzenduriko festa giroko eskaintza zabalaz gozatu ahalko da, uztailaren 1etik 5era.
Santixabelak antolatzen hasteko lehen bileran, Jai Batzordeak harturiko erabakietako bat izan zen jai egunak finkatzearena. Festetarako prestaketa lanak abiatu dituzte. Zehaztasun guztiak lotzen jarraitzeko hurrengo bilkura, datorren astelehenean, martxoaren 23an, arratsaldeko 18:00etan hasita Potxoenean.