Larunbat hau izango dugu, martxoaren 21a, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hitzorduari begira, adierazpen instituzionala kaleratu du Usurbilgo EHBilduk. "Herri anitza, herri aberatsa" izenburupean, sorterria edozein izanda ere, herritar guztiok eskubide eta betebehar berberak ditugula gogorarazten du testuak. Alor honetan lanketa bat egingo dela ere iragartzen da. Jarrera xenofobo eta arrazistak salatzeaz gain, herriko kultura eta hizkuntza aniztasuna aberastasun iturri izanik, horiek indartu eta babesteko lanketa egiteko asmoa ere erakusten du adierazpen instituzionalak. Honela dio:
HERRI ANITZA, HERRI ABERATSA
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna martxoaren 21ean izango da, eta, egun hori aitzakia hartuta, Usurbilgo EH Bilduk zera adierazten du:
1. Herrian bizi diren pertsona guztiak dira herritarrak, edonon jaioak direla ere.
2. Herritar guztiok izan behar ditugu eskubide eta betebehar berberak. Eta horretarako lanketa bat egingo da.
a. Pertsona guztien eskubideak bermatzeko.
b. Aukera berdintasuna bermatzeko.
c. Ezberdin izateko eskubidea bermatzeko.
3. Jarrera xenofobo eta arrazistak identifikatu eta salatuko dira.
4. Jendarte kohesionatu eta justu bat eraiki behar da, lehian baino elkartasunean oinarritutakoa, eta aniztasuna beldurrez eta gatazka iturri bezala hartu beharrean, aberastasun iturri bezala hartuko duena.
5. Bide horretan elkarbizitza da gakoa. Horretarako, beharrezkoa da elkar-ezagutza eta elkar-aitortza aitortzea.
6. Herrian dagoen kultura eta hizkuntza aniztasuna aberasgarria da herriarentzat, eta, horiek babestu eta indartzeko lanketa egingo da, betiere, euskara kohesio eta komunikazio hizkuntza bezala aitortuz.
EH BILDUREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA