Eguzki-eklipse partziala biziko dugu ostiral goiz honetan. Ilargiak eguzkiaren %71 estaliko omen du inguruotan. Usurbilen, goizeko 9:10etan hasiko da eta bi ordu eta laurden iraungo ditu, 11:25 aldera arte. Eklipseak eragin handiena, goizeko 10:15etan izango du. Baina gutxitan ikus dezakegun fenomenoaz gozatzeko nahiko lan izango dugu. Giro goibela iragarri baitute ostiral goiz honetarako. Antza, zerua estalita egongo da.
Espainiako Astronomia Behatokia gai honi buruzko informazio zabala eskaintzen ari da web gune bidez. Bertan besteak beste, udalerrietako posta zenbakia idatzi eta herrika, martxoaren hogeigarren honetako eklipseak izango duen eraginari buruzko datuak jaso daitezke. Honako informazioa eskuratu dugu Usurbilen inguruan: eguzki-eklipsea . Datu gehiago baita, Iruñeako Planetarioaren atarian ere. Honatx helbideak:
Eklipsea, urtaro aldaketa egunean
Eguzki-eklipsearekin agurtuko dugu aurtengo negua. Ostiral gauerdirako minutu gutxi falta direla sartuko gara udaberrian: gaur gaueko 23:45etan.
Hurrengoa, 2 urte barru
Inguruotan ikusgai izan genuen azken eguzki eklipsea, 2013ko azaroaren 3an izan zen. Eragin oso txikia izan zuen halere. Hurrengoa, 2017ko abuztuaren 21ean, baina ez omen dugu askorik antzemango, eguzkia ezkutatzear denean izango baita. Ilargiak eguzkia erabat eklipsatzeko, 2026ra arte itxaron beharko dugu. Bi urteko tartean, hiru eklipse espero dira; lehenengoa, urte horretako abuztuaren 12an. Bigarrena, 2027ko abuztuaren 2an. Eta azkena, 2028ko urtarrilaren 26an; eraztun itxurako eklipsea.