Lainoek ezkutatu dute eguzki eklipsea

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 20a, 11:11

Aurreikusia zegoen moduan, eguzki-eklipsea izan dugu ostiral goiz honetan, baina eguna hodeitsu esnatu denez, ez dugu ikusterik izan. Ilargiak halere eguzkiaren %71 estali du. Esandakoa, ez dugu eguzki-eklipserik ikusi baina nabaria zen goizeko 10:00ak aldera, ohi baino argi gutxiago, ohi baino ilunago zegoela.

Eguzki-eklipsearekin agurtuko dugu aurtengo negua. Ostiral gauerdirako minutu gutxi falta direla sartuko baikara udaberrian: gaur gaueko 23:45etan.

Hurrengoa, 2 urte barru

Inguruotan ikusgai izan genuen azken eguzki eklipsea, 2013ko azaroaren 3an izan zen. Eragin oso txikia izan zuen halere. Hurrengoa, 2017ko abuztuaren 21ean, baina ez omen dugu askorik antzemango, eguzkia ezkutatzear denean izango baita. Ilargiak eguzkia erabat eklipsatzeko, 2026ra arte itxaron beharko dugu. Bi urteko tartean, hiru eklipse espero dira; lehenengoa, urte horretako abuztuaren 12an.  Bigarrena, 2027ko abuztuaren 2an. Eta azkena, 2028ko urtarrilaren 26an; eraztun itxurako eklipsea.