Arantzazura ibilaldia, apirilaren 2an

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 24a, 09:10

“Egun pasa egiteko irteera oso polita” prestatu du herritar talde batek, apirilaren 2rako. Azken hiru hamarkadetako ohiturari eutsiz, badira “Ostegun Santu” egunez, urtero Usurbildik Arantzazurako bidea oinez osatzen duten mendizaleak. Usurbildarrak eta inguruetako herrietatik etorritako kideek osatzen dute taldea. Goizean goiz, frontoi atzetik abiatu eta tipi-tapa Gipuzkoako mendietatik barrena Arantzazuraino joaten dira oinez.

Duela 30 urte baino gehiago, “3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute.

Oroitzapen berezia dute kideetako batentzat. Urte hasieran Andeetan zendu zen donostiarraz ari gara. Fernando Osa, Usurbildik Arantzazura joateko taldeak zuen bidelagunetako bat zen. “Egun honetan ezagutu genuen, duela 7 bat urte. Mendian kilometro piloa egin ditugu ordutik. Bera mendirako bizi zen”, oroitzen dute lagunek.

Beste bidelagun baten sasoia ere ekarri nahi dute gogora; taldeko beteranoaren ahalegina. “Miel Arrastoa. 80 urtetik gora izanda ere, oraindik Legazpitik Arantzazura oinez joaten da. Aurten ere Legazpitik aurrera ateratzekotan da”, adierazi dute.

Bidean, autobus zerbitzua

Argi denez, sasoi ezin hobean dauden beteranoek Arantzazurako bidea osatzen segitzen dute. Baina kide berriak batu nahi dituzte taldera. “Mendizalea dena animatu dadila”, luzatzen dute gonbita. Aldez aurretik ibiltzea aholkatzen dute noski. Baina nabarmentzen dutenez, bidean egingo dituzten zenbait geralekuetan autobusa izango da. Honenbestez, ondoezik sentitzen denak, edo bide osoa egiterik ez duenarentzat garraio zerbitzua antolatu dute. “Ezkio-Itsason autobus zerbitzua izango da. Han laranjak dastatu, ura udan eta arropaz aldatzeko aukera egongo da”, ohartarazi dutenez.

Bidean gainera, bakoitza bere erritmoan joan daiteke. “Martxa normalean joaten gara. Beti joaten da bat atzetik azkenekoekin. Bidea ez dakienak, zaintzailea joaten da. Biderik ez dakienak beraz lasai”, antolatzaileen esanetan. Batzuk lehenago, besteak geroago, denak bazkaritarako biltzen dira Legazpian. Afari merienda egiten dute helmugan, Arantzazun. Eta lehenago, goizean hamaiketarako tartea hartzen dute baita.

Txoko berriak ezagutzeko aukera

Jatekoaz ari garela, ezin ahaztu ezta, ibilaldi hau egin ostean mendizale taldeak izaten duen ohitura. Otordu bat antolatzekoa, kideen herrietako elkarteren batean: “Nahi dutenak elkarte batean biltzen dira. Aurten Tolosan egokitzen da. Santuenean, Donostian, Amasan ere bildu izan gara. Elkarte ezberdinetako jendea joaten gara eta”.

Plan ezin hobea beraz. Mendizale taldearekin batu eta apirilaren 2an, ibilbidea osatzera animatzen dute; “giro ona tokatzen bada oso bide polita da. Paraje berriak ikusteko aukera eskaintzen du. Toki berrietatik ibiltzekoa. Gehiena mendi bidea da”.

Usurbil-Arantzazu bidea, oinez

Eguna: apirilak 2, osteguna.

Abiatzeko hitzordua: goizeko 05:00etan, Mikel Laboa plazatik.

Ibilbidearen luzeera: 63 kilometro.

Zeharkatuko dituzten txokoetako batzuk: Andatza, Ziortzako langa, Andatzarrate, Zelatun, Mandubi, Itsaso-Ezkio, Zumarraga, Legazpia, Udala gaina, Aizkorri ingurua, Katabera eta Arantzazu.

Iraupena: 12-13 ordu.

Prezioa: 50 euro, autobuseko joan etorriak eta eguneko otorduak barne. Aipatu diru kopurua, egunean bertan ordaindu behar da.

Otorduak: Mandubian hamaiketakoa, Legazpian bazkaria eta Arantzazun afari merienda.

Eraman beharrekoak: biderako otartekoa eta ura. Aldatzeko arropa. Itzultzeko autobus zerbitzua, ibilbideko puntu ezberdinetan eta helmugan.

Izen emateko: deitu 600 669 276 (Joxemiel Otaegi).

Irudia: antolatzaileak.