Euskarazko film laburren Laburbira, NOAUA!ren eskutik ostegunean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 24a, 10:04

Euskarazko film laburren ekoizpen berrienak ezagutu nahi badituzue, gerturatu ostegun honetan, martxoaren 26an, 19:00etan Sutegira. Laburbira ekimenaren edizio berria, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik. Ordu eta laurdeneko doako ekitaldi honetan, zortzi film labur ikusteko aukera izango dugu. Filmak hautatzerakoan, hainbat irizpide izan dira kontuan, hala nola sortzaile berriei eta ibilbide luzekoei lekua egitea, filmetako genero eta gai aniztasuna, euskaltzaleen mugimenduko lanei lehentasuna ematea eta abar.

Proiektatuko diren filmak:

“Ein Land”. 2014 (5´32´´). Igone Arreitunandia Berridi

“Lehen pertsonan egindako entsegua da, non zuzendariak familia, gizartea eta generazioaren inguruko begirada nostalgiko eta autokritikoa trazatzen duen. Film zatikatu bat proposatzen da, zuzendariaren bizitzaren dekonstrukzioa. Irudi eta soinuen korrelazio bidez, bere beldur, errezelo eta irrikak azalduko ditu, imaginario familiar eta sozialaren bidez. Izen bereko film luzea burutzen ari da zuzendaria Berlinen”.

“Hubert Le Blonen azken hegaldia”. 2014 (10´). Koldo Almandoz

“Motorraren aitzindari baten istorioa; haurra zela burruntziekin amets egin zuen eta bere ametsa betetzen hil zen”.

“Aitona mantangorria”. 2014 (20´). Kepa Errasti

“Josu etxera itzuliko da Gabonak pasatzera. Aitonaren iraganari buruzko zerbait jakiteak arrebarekin eta aitonarekin berarekin duen harremana berplanteatuaraziko dio”.

“Don Miguel”. 2014 (5´42´´). Kote Camacho

“Eugenio, aizkora eskuetan duela, Don Miguelen botikan agertzen da, pletoriko. Azken honek paper batzuk sinatzea nahikoa da bankuak Eugeniori eskatu duen dirua mailegatzeko”.

“Arconada”. 2014 (10´23´´). Asier Urbieta

“Jonek Arconada izan nahi du baina ikastolako futbol taldeko atezain ordezkoa da”.

“Zela Trovke". 2013 (13´15´). Asier Altuna

“Moritat hilketei buruzko Europa erdiko herri-kanta zaharrak dira. Horietako bat da Zela Trovke eslovakiarra, eta Holland Baroque Society-k bere Barbaric Beauty kantutegirako berreskuratu du. Maite Larburu aipatutako orkestrako biolin-jotzailearen eskutik jakingo dugu zertaz ari den abestia”.

“Zaunk!”. 2014 (2´). Ixone Aroma, Aritz Lasarguren eta Asier Vera

“Askotan nahita euskaraz jakin pertsonari gazteleraz egiten deutsegu. Baina txakurrei? euskaraz beti, ezta? Hemen horrelako situazio bitxi bat gure pertsonaiak berehala konponduko duena. Egin Zaunk!”.

“Zarautzen erosi zuen”. 2014 (16´). Aitor Arregi

“Mireni, kafea eskatzerakoan, askotan txanda-pasa egiten diote. Baina bere dendatik norbaitek alkandora bat lapurtu duela konturatzen denean, beste behin etsitzeari uko egiten dio”.