Kantu-jira larunbatean, eta gero oporretara

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 25a, 11:27

Gasteiztarrekin batera ospatu zuten otsaileko saioaren ostean, ohiko kantu-jira larunbat honetan, martxoaren 28an. Arratsaldeko 19:00etan abiatuko dira kantu zaleak, Mikel Laboa plazatik. Afal ordura arte girotuko dute Kaxkoa, kale eta taberna inguruak.

Martxoko kantu-jiraren ostean bere jarduna etengo du Kantu Taldeak, oporraldia dela eta. Kantu zaleen bilgunetik berri eman dutenez, martxoaren 31n eta apirilaren 7an, ez da asteartetako ikastaroko saiorik izango, Udarregi Ikastolako irakasle eta ikasleak ere oporretan egonik, eraikina itxita egongo baita. Honenbestez, Kantu Taldearen hurrengo entsegu saioa, oporren ostean, apirilaren 14an,  ohiko ordu eta lekuan; 18:30-19:30 artean, Udarregi Ikastolako kantu gelan.

Kantuan ere bai, III. Dantza Egunean

Datorren kantu-jira berriz, apirilaren 25ean. Usurbilen, III. Dantza Eguna ospatuko den  larunbat berean hain zuzen. Kantu-jira berezia izango da honakoa ere. Dantza Eguneko egitarauan integratua egongo da eta dantza eta kantua uztartuko ditu ekitaldiak. 19:00etan abiatuko da frontoitik.

Irudia: Zaloa Arnaiz Ibarguren.