Elkarlanerako gune berria du Hernanin, Beterri Garapen Integralerako Agentziak

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 25a, 21:25

Egoitza berri bat baino zerbait gehiago, orain arte ez zuen elkarlanerako gune berri bat ireki du Beterri Garapen Integralerako Agentziak, Hernaniko Florida auzoko Gabriel Zelaia eraikinean. Asteazken arratsalde honetan inauguratu dute, eskualdeko udal (Usurbilgoa tartean), eragile eta enpresa munduko ordezkaritza baten eskutik.

Eskualdeko langabeziari aurre egin nahi dio Beterri Garapen Integralerako Agentziak, "langabeziaren egoera aldatzeko estrategiak eta azpiegiturak ezarriz". Egoitza berria du jada. Baina asteazken honetakoa, bi solairuko eraikin huts bat baten inaugurazioa baino zerbait gehiago izatea nahi zuten. Edukiz betetako eraikina izatea hain zuzen. Aurreratu dutenez, erakunde, eragile, enpresa eta herritarrek elkarlanerako hiru gune izango dituzte egoitza berrian. Bat, egin, sortu, landu eta ekoizteko, bestea ikertu, ikasi eta elkar erakusteko eta azkena, pentsatu, irudikatu, amesteko.

Eta behar duen ororentzat, Garapen Agentzia berriko proiektuak koordinatzeko espresuki osatu duten lan talde bat izango du eskuragarri, zerbitzuok eskaintzeko prest:

-Enplegu Zerbitzua: informazioa, orientazio eta aholkularitza, bitartekotza eta laneko prestakuntza.

-Ekintzaile zerbitzua: ekintzailetza sustatzea, enpresa berriak sortzea, bizkortzea eta finkatzea.

-Enpresa zerbitzua: informazioa, laneko bitartekotza, kudeaketaren hobekuntza, nazioartekotzea, berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza.

-Merkataritzaren sustapena: enpresa eta elkarte sustapena, merkataritza dinamizazioa.

-Turismoaren sustapena: enpresa lehikortasunaren hobekuntza, turismo sustapena eta dinamizazioa.

-Sektore sortu berrien edota estrategikoen sustapena: udalerri edo eskualde bakoitzaren baitako funtsezko sektoreen finkapena, mantentzea edo hazkundearen sustapena.

Innoforo eta Kooperatzen egitasmoak martxan

Garapen Agentzia martxan jarrita, gabezia handi bati erantzun diotela aipatu dute Hernani eta Usurbilgo alkateek inaugurazio ekitaldian. Agentziarik gabeko Gipuzkoako eskualde bakarra baitzen geurea. Eta lau urteotan norabide horretan urratsak ematen aritu direla. Etorkizunean, "aukera berrien eskualdea" izatea nahi dute Beterri. Horretarako, Garapen Agentzia bera martxan jarri dute, baina baita zenbait proiektu abiatu ere. "Innoforo eta "Kooperatzen" esaterako. "Innoforo"ren bidez, enplegu eta jarduera ekonomikoen sorkuntza bultzatu nahi dute. Eskualdeko 250 enpresa eta eragile, eskualdeak lanpostuak sortzeko dituen gaitasunak aztertzen dabiltza. Energia, kulturgintza, lehen sektorea (sagardogintza...), turismoa jotzen dituzte, lanpostu berriak sustatzeko eremu giltzarritzat.

"Kooperatzen" egitasmoak bestalde, "enpresa berriak sortzeko gidaritza eskaintzen du". 20 beka banatu dituzte jada, 14 enpresa sortzeko. Proiektu honetan parte hartzen ari diren bi lagunek hartu dute hitza, inaugurazio ekitaldian. Garatu nahi zuten ideia berri bat bazutela buruan, baina nola gauzatu ez zekitela omen ziren. Kooperatze, ideia hori gauzatzen laguntzeko oso baliagarria suertatu zaiela aipatu dute, eskerrak adieraziz. Garapen Agentziako sustatzaileek ere eskerrak helarazi nahi izan dizkiete, legegintzaldi honetan zehar, agentzia bera martxan jartzeko prozesuan lagundu duten guztiei.

Datozen hilabete hauetan, forma juridikoa emango diote jada martxan duten Garapen Integralerako Agentziari. Momentuz, Beterri Garapen Integralerako Agentziaren erreferentzia gune nagusia Hernaniko Gabriel Zelaia eraikina izango da. Baina aurrerago, zerbitzu eta proiektu gehiago sortu ahala, ez dute baztertzen Beterriko beste udalerrietan egoitza txikiagoak irekitzea.

Informazio gehiago: 

beterri.eus

beterri@beterri.eus

Florida auzoa, 28 Hernani 20120

943 25 63 47