Ospakizun urtea du Ziortza Gazte Elkarteak. 30 urte bete ditu aisialdiko ekimenak bideratzen dituen bilguneak. Eta urtemuga ospatzera doaz, apirilaren 18tik 26ra. Erakusketa, omenaldia, jolasak... Eta Ziortzarekin loturarik izan duen edonor gonbidatu nahi duten bazkaria. “Ziortzan ibili garen guztiok elkartzea nahi dugu bazkaritan, garai zaharrak gogoratzeko, aurreko eta egungo belaunaldiak elkartu eta esperientziak partekatzeko aukera polita izango da”, gazteen bilgunekoen esanetan. Hitzordura, Ziortzakoek eskuragarri jarriko duten arroparekin joan zaitezkete. Kamiseta, jertse, poltsak eta buff-ak salgai dituzte eta. Informazio gehiago: ziortzage@gmail.com edo ziortzage.wordpress.com
Ekimenotan parte hartzera deitzen dute Ziortzakoek:
Apirilak 18, larunbata
12:00 Argazki proiekzioa eta omenaldia Sutegin.
Ondoren, erakusketaren irekiera, Sutegiko aretoan.
13:00 Trikipoteoa .
14:30 Bazkaria. Txartelak salgai: Bordatxon, Aitzagan eta Apaiz-etxean.
Apirilak 19 , igandea
12:00 Eukaristia.
Apirilak 18-26
17:00-19:00 Erakusketa, Sutegiko aretoan.
Apirilak 26 , igandea
10:00 Gaztetxoentzat jolasak frontoian .
14:00 Bazkaria (norberak berea ekarri, eta edaria eta postrea Ziortzaren kontura) .
15:30 Jolasen jarraipena .
18:00 Dantzaldia.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.
Kanpaldian aurrematrikulatzeko aukera, martxoaren 31ra arte
Errioxako Peñaloscintosek harrera egingo die beste urte batez, uda honetan Ziortzako kanpaldira joango diren begirale eta LH 5-6ko eta DBHko gazteei. Ohi bezala, uztailean izango da, Santixabelak amaitu ostean helduko dira lehen txandako gazteak. Kanpaldirako antolaketa lanak abiatu dituzte Ziortzakoek. Aurrematrikulatzeko epea zabaldu dute. Irekita egongo da, martxoaren 31ra arte. Apuntatzeko eta informazio gehiagorako, idatzi ziortzage@gmail.com helbidera. Bestela, Sutegin eta apaiz etxean eskuragarri egongo diren eskuorriak datuekin bete eta apaiz etxeko postontzian utzi.
Izen emateko bi asteko epea egongo da beraz. Tarte horretan, jendaurreko hitzordu bat ere finkatu dute Ziortzakoek. Martxoaren 28an, larunbatez, goizeko 11:00etatik 13:00etara apaiz etxean egongo dira, behar dituenari argibideak ematen. Aurrematrikulazioa egin nahi duenak ere bertara jo dezake egun horretan.
Txandak
Aurreko urteetan bezala, udako kanpaldia bi txandatan antolatu dute. Hona hemen txanden datak eta ze adinetako gazteei zuzenduak egongo diren:
-Lehen txanda: uztailaren 7tik 21era, DBH-koentzat.
-Bigarren txanda: uztailaren 21etik 30era. LH 5-6koentzat.