Behatoki berria, lehengoratu duten Aginagako Sariaz gozatzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 26a, 13:09

Usurbildik Oriora bidean, N-634 errepidetik barrena Sariaaundi etxe parea pasa eta metro gutxira, errio aldera ematen duen saihesbide txiki bat aurkituko duzue. Autoz sartu zaitezkete bertara, aparkatzeko gunea duzue. Eta hortik bidexka batetik oinez, Aginagako Sarian dagoen behatoki berri eta eder batera helduko zarete. Behatokitik, ingurua lehengoratuta nola geratu den ikusi eta duen aberastasunaz goza dezakezue. Goizean inauguratu dute gunea, Usurbilgo Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek.

Sariako lehengoratze lanak duela urtebete inguru amaitu zituzten. Guztira ia milioi bat euroko inbertsioa bideratu da, eremua berreskuratzeko lanetara. Oriako itsasadarra berreskuratzeko lehen urratsa omen da hau, baina ez azkena. Jose Maria Rivadeneyra ingurumen zinegotziak goizean aipatzen zuenez, "erakundeok erakutsi dugu elkarlanean halako proiektuak aurrera atera daitezkeela. Ikusi Urdaibaiko adibidea. Bertan egindako inbertsioak bultzada ekonomiko eta ekologikoa suposatu du ingurune hartarako. Hemen etorkizun bera izan dezakegu. Ingurumenean egindako inbertsioak errentagarriak eta seguruak dira. Aurrera egin dezagun, hau lehenengo urratsa da".

Sarian egin den berreskuratze lana, etorkizunerako inbertsioa dela adierazi du Mertxe Aizpurua alkateak. Eskerrak helarazi dizkie elkarlanean aritu diren Udalari, Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, proiektua landu zuen Aranzadiri eta Itsas Enara Ornitologia Elkarteari, emandako aholkuengatik.

Ingurunea bisitatzeko gonbita

Jaurlaritzak 2007. urtean 600.000 euroko diru-laguntza eman zion Usurbilgo Udalari, Sariako lurrak erosteko. Udalak lurrak erosi eta gerora Foru Aldunditik jasotako laguntzarekin bideratu dira lehengoratze lanak. Egindako inbertsioak merezi izan duela zioen goizeko ekitaldian, Iñaki Errazkin Foru Aldundiko ingurumen diputatuak. Oriaren itsasadarrak natur baliabideetan duen aberastasuna nabarmendu du, eta halako proiektuak sustatzen jarraitzea, Aldundiaren lehentasunen artean dagoela aipatu du. "Natur aberastasuna duten espazioak berreskuratzeko apustu horrekin jarraitu nahi dugu", zioen. Herritarrak zoriontzearekin batera, Sariako behatokira gerturatzeko gonbita luzatu du.

Errio inguruaz, ur gezadun putzuaz, pixkanaka hazten ari den landarediaz eta bertaratzen hasiak diren hegaztiak behatzeko aukera izango da aurrerantzean. Oria itsasadarra berreskuratzeko lehen mugarria jarri da.