Apirilaren 2an, Arantzazura mendi irteera

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 30a, 12:28

Egun pasa egiteko “irteera oso polita” prestatu du herritar talde batek, apirilaren 2rako. Azken hiru hamarkadetako ohiturari eutsiz, badira “Ostegun Santu” egunez, urtero Usurbildik Arantzazurako bidea oinez osatzen duten mendizaleak. Usurbildarrak eta inguruetako herrietatik etorritako kideek osatzen dute taldea. Goizean goiz, frontoi atzetik abiatu eta tipi-tapa Gipuzkoako mendietatik barrena Arantzazuraino joaten dira oinez.

Duela 30 urte baino gehiago, “3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute.

Bidean, autobus zerbitzua

Argi denez, sasoi ezin hobean dauden beteranoek Arantzazurako bidea osatzen segitzen dute. Baina kide berriak batu nahi dituzte taldera. “Mendizalea dena animatu dadila”, luzatzen dute gonbita. Aurretik ibiltzea aholkatzen dute noski. Baina nabarmentzen dutenez, bidean egingo dituzten zenbait geralekuetan autobusa izango da. Honenbestez, ondoezik sentitzen denak, edo bide osoa egiterik ez duenarentzat garraio zerbitzua antolatu dute.

Bidean gainera, bakoitza bere erritmoan joan daiteke. “Martxa normalean joaten gara. Beti joaten da bat atzetik azkenekoekin. Bidea ez dakienak, zaintzailea joaten da. Biderik ez dakienak beraz lasai”, antolatzaileen esanetan. Batzuk lehenago, besteak geroago, denak bazkaritarako biltzen dira Legazpian. Afari merienda egiten dute helmugan, Arantzazun. Eta lehenago, goizean hamaiketarako tartea hartzen dute baita. “Giro ona tokatzen bada oso bide polita da. Paraje berriak ikusteko aukera eskaintzen du. Toki berrietatik ibiltzekoa. Gehiena mendi bidea da”.

Usurbil-Arantzazu

Eguna: apirilak 2 osteguna.

Abiatzeko hitzordua: goizeko 05:00etan, Mikel Laboa plazatik.

Ibilbidearen luzeera: 63 kilometro.

Iraupena: 12-13 ordu.

Prezioa: 50 euro, autobuseko joan etorriak eta eguneko otorduak barne. Aipatu diru kopurua, egunean bertan ordaindu behar da.

Otorduak: Mandubian hamaiketakoa, Legazpian bazkaria eta Arantzazun afari merienda.

Eraman beharrekoak: biderako otartekoa eta ura. Aldatzeko arropa. Itzultzeko autobus zerbi–tzua, ibilbideko puntu ezberdinetan eta helmugan.

 Izen emateko: 600 669 276 (Joxemiel Otaegi).