Azken NOAUA aldizkarian iragarri zuen bezala, EAJ-PNVk 'Beterri' eskualdeko garapen agentziari buruzko mozioa aurkeztu zuen. Alderdi jeltzalearen hitzetan, “Eskualdeko EH Bilduko ordezkariek jakitera eman dute proposamenak legezko baliorik ez du, aurkeztutako erakundea oraindik ez baita eratu, eta beraz, legezko baliorik ez duen proposamen hutsa baino ez da”.
Eskualdeko EH Bilduko ordezkariek jakitera emandako proposamenak eta edukiek ez dutela dagozkien udalerrien osoko bilkuren babesik. Eta agentziaren gaia aztertu ere egin ez diren udalak ere barruan sarturik daudela. Hala dio EAJk. Honen aurrean, puntu hauek onartzea eskatu zuen alderdi jeltzaleak, mozio bitartez:
Usurbilgo Udala usurbildar guztion erakundea dela, eta osoko bilkura udalaren ordezkaritz-organo gorena. Berretsi dezala Eskualdeko Garapen Agentzia ‘Beterri’ ez dela eratu eta beraz, jarduerarik ez daukala.
Eskualdeko Garapen Agentzia eratu eta sei herrialdetako udalbatzaren babesa lortu arte ezingo dela ‘Beterri’ izena erabili.
Eskualdeko Garapen Agentziaren baitan erabakiak hartzerakoan eskualdea osatzen duten kide guztien iritzia kontuan hartuko dela.
Beste alderdi politikoekin negoziazioak hautsi izana agentzia eratzeko premiazko beharra zegoela argudiatuz, aitzakia hutsa zela akordioetara ez iristearren.
Josune Urkola EAJ alderdiko zinegotziak irakurri zuen mozioa.
Oposizio osoa, EAJrekin bat
Alaitz Aizpuruak, segidan, udal gobernuaren bozeramale lanak egin zituen. Esan zuenez, mozioan esaten diren gauza batzuekin ados daude. Baina egitasmoa aspalditik datorrela aipatu du. Abiarazi dena tresna bat dela, kudeaketa erraztuko duena.
2012an hitzarmen protokolo bat sinatu zutela udal guztiek. “Horren jarraipena egin dugu”, adierazi zuen Aizpuruak. Izenarena detaile bat dela eta Astigarragan eta Andoainen ere onartu zela ‘Beterri’ izendapena.
“Entitate juridikoa ez dago sortuta, baina bien bitartean egitasmoak ezin ditugu oztopatu”, adierazi zuen Bilduko zinegotziak. Hortaz, mozioaren aurka bozkatuko dutela aurreratu zuen Alaitz Aizpuruak.
Aldiz, oposizio osoaren babesa izan zuen EAJk, Hamaikabat eta PSEren aldeko bozkak ere jaso zituelako. Baina aurka agertu ziren Bildu eta Aralarreko zinegotziak, beraz, ez zen mozioa onartua izan.
Bi mozio, EH Bildu eta EAJren eskutik
Usurbilgo EH Bilduk eta EAJk mozio bi aurkeztu dituzte elkarrekin. Mendebaldeko Saharako auziari bidezko eta behin betiko konponbidea bilatzeko eskaerarekin bat egin dute bi alderdiek. Eta ahobatez onartu da mozioa.
Torturaren aurkako eta giza eskubide guztien aldeko mozioa ere batera aurkeztu dute eta EAJ, Hamaikabat, Bildu eta Aralar alde agertu dira. Aurkako bozka eman du PSEk.
Udal Lege egitasmoari buruzko mozioa
EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu du. Eusko Jaurlaritza bultzatzen dabilen Udal Lege egitasmoari buruzkoa. EH Bildu ez dago ados legeak proposatzen duen finantziazio ereduarekin, ezta legearen hizkuntza ereduarekin, eta bere ustez ez dira herritarren partehartzea ezta toki erakundeak aintzat hartzen.
EAJk gaia Legebiltzarrean dela argudiatu du eta mozioa, beraz, Eusko Legebiltzarrera eta Eusko Jaurlaritzara bideratuko da. PSEk puntuz puntu bozkatzea proposatu du.
Lehen puntuan, lege egitasmoaren prozeduran epe luzapen bat egin dezala eskatu du EH Bilduk eta honen aurka bozkatu du PSEk. Abstentziora jo dute Hamaikabatek eta EAJk.
Bigarren puntuan, Jaurlaritzak udalen aldetik egiten diren ekarpenak bideratu, sakondu eta eztabaidatzeko prozedura aurkeztu dezan eskatzearen alde agertu dira PSE eta EH Bildu. Abstentzioan geratu dira Hamaikabat eta EAJ.
Hirugarren puntuan, mozioaren zioen atalean aipatzen diren gaien inguruan eztabaidatu, irizpideak adostu eta ondorioak bideratzeko bitartekoak jartzeko eskatzea Herri Administrazio eta Justizia Sailburuari. Abstentzioan bat egin dute Hamaikabatek, PSEk eta EAJk.
Laugarren puntuan, udal zein tokiko entitateen autonomia indartzeko norabidean urratsak emateko deia egitearen alde bat egin dute PSEk eta EH Bilduk.
Abstentzioan geratu dira Hamaikabat eta EAJ.
Azkenik, mozioa Heri Administrazio eta Justizia Sailburuari bideratuko zaio, horretan ere bat datoz alderdi sozialista eta EH Bildu. Abstentziora jo dute Hamaikabatek eta EAJk.
Hilerri berriko hilobien gaineko eskubideak
Elena Martiarturi indemnizazio bezala emango zaizkion lau nitxo kokatuko diren panteoi berdinean, beste bi nitxo esleituko zaizkio. Ahobatez onartu da puntu hau.
Hilerri berrian eskainitako hilobien gaineko eskubideak azalean jasotako eran esleitzea erabaki da. Onuradunak Jose Maria, Fernando eta Arantza Arriola Bergaretxe anai-arrebak izango dira. Ahobatez onartu da.
Aginagako erriberako bidearen Eizazpi-Oriagain zatiaren proiektua eta honek eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egon zen bitartean haren aurka aurkeztutako erreklamazioa onartzea. Aipatutako proiektua zuzenduta eta proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartzea eta horiek okupatu eta eskuratu beharra deklaratzea, desjabetu, okupatu eta zortasunak ezarri, aldatu edo amaitzeko. Mozioa ahobatez onartu da.
Arau Subsidiarioen inguruko erabakiak
IGEPAK enpresak bere lantegia zabaldu nahi zuen. Eta honekin sortu zen Arau Subsidiarioetako A-30 (Zumartegi) eremuan aldaketa bat egiteko proposamena. Eremu horren antolamendu xehatuaren aldaketa hasieraz onartu da gaurko plenoan. Bildu, Aralar eta PSE-EEren aldeko bozkekin atera da aurrera. Abstentzioaren alde bozkatu dute Hamaikabatek eta EAJk.
Arau Subsidioarioen Berrikuspenaren Testu Bategineko araudiko 37., 53., eta 54. artikuluen aldaketa puntuala ere onartu da. Bildu, Aralar eta EAJren aldeko bozkekin. Abstentziora jo dute Hamaikabatek eta PSEk.
Idazkari berria
Nagore Sarasola idazkariaren azken plenoa izan da gaurkoa. Apirilekoan jada ez da izango eta bere ordez Garazi Etxeberria hasiko da idazkari lanetan. Gaurko plenoan Mertxe Aizpurua alkateak eskerrak eman dizkio Nagore Salaberriari, urte hauetan egindako lanarengatik eta ongi etorri beroa egin dio Garazi Etxeberriari.
Pleno amaieran, Nagore Salaberriak eskerrak eman dizkie denei, eta baita aurreko legegintzaldiko udal ordezkariei ere.