Gogoratzen?: Apirilaren 2an, Haur eta Gazte Liburuaren Eguna; Apirilaren 23an, Liburuaren Eguna. Arrazoi ezin hobeak, Liburua aitzakia hartuta, Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegian zenbait ekitaldi prestatzeko. Begira, begira lehenengo sorta!
1. Apirilaren 16an (ostegunarekin), arratsaldeko 6etan, Sutegi aretoan, Pantzart Teatrok eta Bihar Taldeak, txotxongilo bidez Mariasun Landaren Txan Fantasma lan entzutetsua aurkeztuko digute; saioa 5-9 urteko haurrei zuzendua izango dago.
2. Apirilaren 24an (ostiralarekin), arratsaldeko 7etan, Liburutegian bertan, euskarazko beste irakurketa-topaketa bat izango dugu. Gidaria, oraingo honetan ere, Pako Aristi izango da, eta komentatuko dugun liburua, Mikel Tabernaren Alkasoroko benta. Eleberri honen aleak jada eskuragarri aurkituko dituzu Liburutegian.
Eta ondoren!, Liburuaren Hamabostaldia (II): Maiatza.