Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetarako egutegia prest

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 7a, 13:42

Badatoz udal eta foru hauteskundeak ere. Maiatzaren 24an ospatuko den bozketa egunerako egutegia prest dute erakundeek. Badira herritarrok kontuan hartu beharreko zenbait ohar. Zabalik duzue posta bidezko bozka eskaera aurkezteko epea, baita hautesle-zerrenda kontsultatu eta erreklamazioak aurkeztekoa ere.

Hautesle-errolda kontsultatu eta erreklamazioak aurkeztea

Astearte honetan hasita, astebeteko tartea duzue apirilaren 13ra arte, udaletxera gerturatu, hautesle-errolda kontsultatu eta erreklamazioak aurkezteko:

-Apirilak 6-13: hautesle-errolda kontsultatu eta erreklamazioak aurkezteko aukera udaletxean.

-Apirilak 14-16: alegazioak ebatziko ditu Hautesle Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzak.

-Apirilak 17: alegazioen ebazpenen berri ematea herritar nahiz udalei. Hautesle-errolda zuzendua ikusgai, udaletxean.

-Apirilak 18-22: zuzenketen aurrean, auzi errekurtsoa aurkezteko aukera.

-Apirilak 23-27: epaitegietako errekurtsoen ebazpenen berri ematea.

Posta bidezko bozka eskatzeko aukera zabalik

Posta bidez bozkatzeko, kontuan hartu beharreko egutegia hemen:

-Maiatzaren 14ra arte: posta bidezko bozka eskaera aurkezteko aukera, gertuen duzuen posta bulegoan.

-Maiatzak 4-17: Hautesle Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzak posta bidez bozkatzeko dokumentazioa jasotzea.

-Maiatzak 4-20: posta bidezko bozka bidaltzeko epea.

Udal eta foru hauteskundeak, maiatzaren 24an

Bozka egun horretarako egutegi orokorra duzue hemen:

-Martxoak 31: udal eta batzar nagusietarako hauteskundeen deialdia BOE/LHAOn argitaratzea.

-Apirilak 3: hauteskunde-batzordeen eraketa.

-Apirilaren 6tik 13ra: indarrean dauden hautesle-zerrenden erakustaldia udaletxe eta kontsuletxeetan. Erreklamazioak egiteko tartea.

-Apirilak 15-20: hautagaitzak aurkezteko epea.

-Apirilak 25-29: hauteskunde mahaietako kideak hautatzeko zozketa.

-Apirilak 27: hautagaitzak aldarrikatzea.

-Maiatzak 8-22: hauteskunde kanpaina.

-Maiatzaren 14ra arte: posta bidezko bozka eskatzeko aukera.

-Maiatzak 24: bozketa eguna.

-Maiatzak 27: hauteskundeetako emaitzen bozka zenbaketa ofiziala.

-Ekainak 13: udala eratzea.

-Ekainaren bigarren hamabostaldian: Gipuzkoako Batzar Nagusiak eratzea.

-Uztailaren 13a baino lehenago: Gipuzkoako Ahaldun Nagusia hautatzea.

Sagardo Eguna, lehenago

Usurbildarren jai egun maitatuena maiatzeko azken bigarren igandean ospatu ohi da urtero. 2015eko edizioa ordea, udal eta foru hauteskunde egunarekin egokitu denez, astebete aurreratuko da hitzordua. Usurbilgo Sagardo Eguna, maiatzaren 17an aurten.