Udal hauteskundeetarako "zerrenda ireki eta plurala" osatu nahi du Usurbilgo Hamaikabatek

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 7a, 13:40

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeei begira egingo dutena argitu du Hamaikabatek. Udal hauteskundeetarako zerrenda propioa osatuko du Usurbilen. Foru hauteskundeetarako aldiz, EAJ-PNVren aldeko bozka eskatuko dute.

Argitara eman duten oharrean adierazi dutenez, jada maiatzaren 24ari begira dira Hamaikabatekoak, "gogoeta isilean; Hamaikabat, herrigintzarentzat, Usurbilgintzarentzat tresnarik egokienean nola bihurtu asmatu nahirik. Garai berri batean gaude: ikuspegi sozio-ekonomiko batetik, zaila; indarkeria ezaren aurrean, itxaropentsu; gobernantza gardenak eta partehartzaileak esperimentatzen; alderdi politikoen egiturak herritarren parte-hartze zuzenari nola ireki asmatu nahian; ideologiari erantzun eta gizartearen eguneroko beharren aurrean, orekaren bila".

Datozen hauteskundeeetara, Usurbilen dagoen eskaintzaren alternatiba gisa aurkeztu asmo dute. "Usurbilen baditugu bi eskaintza: ezker erradikala (EHBildu) eta eskuina (EAJ-PNV). Biek ideologia eta herriz kanpoko gaiak lehenesten dituztenak. Guk, ez batean ez bestean daudenei aukera eman nahi diegu herri-politika egiteko, gure eskarmentua eskainiz", adierazi dute.

Zerrenda osatzeko gonbita

Herrigintzan zentratu nahi dute. "Koherentziaz, Hamaikabaten inguruan kokatzen garenok prest gaude herriko gauzetan zentratuko den, herri kudeaketan soilik arituko den eta gardentasunez arituko den zerrenda ireki eta plurala osatzeko, gure esperientzia eta baliabideak eskainiz horretarako", Hamaikabatetik diotenez. Herrikoak diren emakume eta gizonez, eta plurala eta irekia izango den zerrenda osatu nahi du udal hauteskundeetarako, Usurbilgo Hamaikabatek. "Zinegotzi izanik herrigintzan aritu nahi dutenak, jarri daitezela gurekin harremanetan", luzatu dute gonbita Usurbilgo Hamaikabatetik. Hartu emanetarako bideok zabaldu dituzte; 622 283 941 edo h1usurbil@h1usurbil.net.

Egun, bi zinegotzi ditu Usurbilgo Hamaikabatek, hamahiru udal ordezkariz osaturiko udalbatzan; Luis Mari Ormaetxea eta Josune Urkia.

Gipuzkoan, EAJ-PNVren aldeko bozka eskatuko dute

Hamaikabat alderdiak berriki eginiko batzarrean, datozen maiatzaren 24ko foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren aldeko bozka eskatzea erabaki dute. "Aldaketa politikoaren aldeko deialdia egiten dugu. Horregatik, datozen foru hauteskundeetarako deialdi publikoa egiten dugu EAJ-PNVren aldeko botoa eskatuaz. Aukera honek ordezkatzen du abertzaletasun demokratikoa eta era berean benetako aldaketa emateko aukerarik onena gertatzen da, gure herrialdean behar diren politika publikoak eman daitezen", Hamaikabaten esanetan.