Desegin, kontzertu biratik itzuli berria

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 8a, 09:30

Igaro berri ditugun jai egunok, kontzertuz kontzertu eman ditu Desegin, Usurbilgo musika talde gazteak. Beñat Irazustak, Ekhi Arrietak, Joxe Mari Zubimendik, Iñaki Irazustak eta Aitor Pagolak, Euskal Herriko Erandion hasi, eta estatu espainiarrera eraman dituen bira osatu dute. Salamanka, edota Segovian ere izan dira. High talde alemaniarra eta Salamankako Bataälla taldekoak izan dituzte bidelagun.

"Ederra izan da asteazkenetik larunbat gau arte bizi izan duguna. Salamancako eta Segoviako kontzertuak beti gogoratzeko modukoak izan ziren, baina ez zen izan hori onena... Sekulako lagun onak ezagutu ditugu bira txiki honetan; High (talde alemaniarra) eta Bataälla-ko kideak (Salamancarrak) hain zuzen ere. Eskerrik asko, etxean bezala sentiarazi gaituzuen guztioi, itzela izan da!", Desegin taldeko kideek, Facebook-en zintzilikatu duten mezuak dioenez.

Taldekoen hurrengo emanaldia, ostiral honetan. Trintxerpeko Mogambo aretoan joko dute, V. Azoka Kulturalaren baitan, Pecozza Unied eta Patronal Punk taldeekin batera.

Aurreko udazkenean kaleratu zuen estreinako lana, Usurbilgo boskote gazteak.

Irudia: Desegin.