Troia-Aliri oinezkoen bide zatia itxita, apirila amaierara arte

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 8a, 09:55

Zubietako itzulia egin ohi duten hainbat eta hainbat oinezkorentzako oharra; Troiatik Zubieta aldera joateko Aliri zubira arteko bide zatia itxita egongo da hilabete osoan. Aldaketarik ez bada, bai behintzat apirilaren 30era arte. Hala berri eman du Usurbilgo Udalak, ohar bidez. Usurbilgo saneamenduko urak, Zubietako ponpa gunearekin erabat lotu eta Loiolako araztegira bideratzeko trazadoa osatzen ari dira inguru honetan. "Ugaldeako sarreratik Aliriko-zubiaren arteko trazadoa osatzea falta da", Udaletik ohartarazi dutenez. Asteotan Aliriko zubian aritu dira lanean. Lanok amaituta, orain, Troia-Aliri zubi arteko oinezkoen pasabidean hasi dituzte lanak. Eta honenbestez, aipatu bide zatia itxita egongo da, apirilaren 30era arte.