Iaz Zaloa Arnaiz Ibarguren herritarrak irabazi zuen, Santixabeletako egitarau diseinu lehiaketa. Albiste honetako irudian duzue, sortu zuen diseinu koloretsua. Aurtengo festen berri emango duen gidari kolorea eta itxura ematea ere zuen esku egongo da. Egitarau diseinu txapelketa martxan da eta lanak aurkezteko epea zabalik, maiatzaren 12ra arte.
Lehiaketako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza herritar guztien eskutara helduko da. Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimen honen xedea hain zuzen, uztailaren 1etik 5era ospatuko diren herriko festen egitarauari formatua, euskarria, eta finean, forma eta itxura ematea baita.
Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua eta oinarriak bertan jaso behar dira. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:
-Lanaren neurria librea izango da.
-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da, gaztelerazko bertsio laburtua jasoko du, tamaina txikiagoan.
-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.
Lehiaketari begirako araudi orokorra:
-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.
-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.
-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.
-Nahi adina lan aurkez daitezke.
Aipaturikoa, lanak maiatzaren 12a baino lehen helarazi behar dira Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo bestela, postaz bidali helbide honetara:
Usurbilgo Udala
Kultura Saila
Jose Martin Sagardia Plaza z.g.
20170 Usurbil
Argibide gehiagorako: 943 371 999.