Alex Telloren "Zu Gabe" antzezlana, apirileko #Kilometroak15 ekimeneko lehen hitzordua

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 8a, 10:47

Alex Tello usurbildarrak zuzenduriko bi antzezlan programatu dira hilabete honetarako, #Kilometroak15 ekimenaren baitan. Lehena, larunbat honetarako 19:30etan Sutegin; "Zu Gabe" izenekoa, Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa aktoreekin. “Ekoetikopatetikobikoa” (poltsiko antzerkia) baita, apirila amaierarako:

Apirilak 11, larunbata

19:30 Atea Teatro taldearen “Zu Gabe” antzezlana Sutegin.

Sarrera: egunean bertan, 6 euro.

Edukia: “Nahi baino lehenago banandu ginen eta bizitzarekin aurrera jarraitu behar izan nuen, zu gabe. Eta justu orain, gehien behar zintudanean azaldu zara”. Eskaini halako aukera edozeini, berriz topo egitea inoiz aurkitzea espero ez duen maite duen harekin.

Pertsonaiek partekatzen duten elkarrizketan zehar gatazka asko azalduko dira. Belaunaldi ezberdinetatik gizartea, familia eta norbanakoari egindako begirada ikusiko dugu. Bizitzaz eta heriotzaz hausnarketa egingo dute. Dramaren xedea ikuslea hunkitzea baino gogoetara eramatea da. Lan honek aktoreei sentimenduz eta egiarekin jokatzen duen antzezpena eskatzen die”.

Zuzendaria: Alex Tello usurbildarra.

Aktoreak: Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa.

Musika: Mikel Laboa.

Eszenografia: Jose Luis Zumetaren irudiak.

Argiztapen diseinua: Xabier Lozano.

Apirilak 29, asteazkena

20:00 Aurreestreinaldia Artzabal tabernan: “Ekoetikopatetikobikoa” (poltsiko antzerkia).

Sarrera: egunean bertan, 5 euro (antzerkia+pintxoa).

Iraupena: ordu bat.

Aktoreak: Anabel Arraiza eta Jabier Rodil.

Gidoia eta zuzendaritza: Alex Tello.

Edukia: "Biki eta Viktor pisukideak dira eta bion arteko elkarbizitza tirabiran pasatzen dute. Victor etxebizitzaren jabea da eta lanik egiten ez duenez Bikik ordaintzen dion errentarekin eguneroko gastuei ozta aurre egiten die. Alokairua kontratuaren berritzearekin batera hasiko da eztabaida eta saltsa. Donostia Kulturak Poltsiko Antzerki Sorkuntza 2015erako aukeratutako proiektua".

Antolatzailea: #Kilometroak15.

Kanta eta bideokliparen aurkezpena

"Lotzen GaTTunk" izena du, urriaren 4ko jaialdiari doinua jarriko dion abestiak. Martxoaren 16an aurkeztu zuten hedabideen aurrean. Apirilaren 22an 19:00etan Sutegin jendaurrean aurkeztuko dute. Eta ez abestia bakarrik, baita asteotan herrian grabatu den bideoklipa ere. "Kilometroak 2015 Gattunk ekimenaren abesti eta bideoklipak aurkeztuko dira ikuskizun batean. Bertan, emaitzez gozatzeaz gain, hau da, abestia zuzenean entzun eta bideoklipa ikusteaz gain, prozesuaren nondik norakoak, letrak eta bitxikeriak ere azalduko dira".

Jai parekideen aldeko formakuntza

#Kilometroak 15, Matrakak eta Usurbilgo Udalaren eskutik, apirilaren 15ean eta maiatzaren 6an, 18:00-20:00 artean Potxoenean. Miren Guillo, Emagin elkarteko kideak bideratuko ditu saioak. "Kilometroak 2015-aren antolaketan eta programatuko diren ekintzetan parekidetasun irizpidea txertatze aldera, jaien inguruko hausnarketatik abiatuz, jai parekideak sustatzeko giltzarriak jorratuko dira. Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala ikusteko aukera izango da, emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik abiatzen den Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat".