Jai parekideen aldeko formakuntza saioetan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 9a, 09:45

#Kilometroak 15, Matrakak eta Usurbilgo Udalak, jai parekideen aldeko formakuntza saioak antolatu dituzte, apirilaren 15ean eta maiatzaren 6an, 18:00-20:00 artean Potxoenean. Miren Guillo, Emagin elkarteko kideak bideratuko ditu saiook. "Kilometroak 2015-aren antolaketan eta programatuko diren ekintzetan parekidetasun irizpidea txertatze aldera, jaien inguruko hausnarketatik abiatuz, jai parekideak sustatzeko giltzarriak jorratuko dira. Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala ikusteko aukera izango da, emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik abiatzen den Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat".

Matrakak Taldekoek ere formazio saio hauetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Guztiok diogu nazkatuta gaudela jaietan (eta jaietatik kanpo) ematen diren erasoetaz, guneek guztiontzat seguruak eta atseginak izan behar dutela, ligoteoa gustatzen zaigula sanoa baldin bada, ordu txikietan etxera bakarrik joateak beldurrik ez ligukeela eman behar eta musikaz, parrandaz bezala, gozatu nahi dugula objektu sentitu gabe. Baaaa... ez daukagu aitzakiarik!! Ez Gattunk gutxiago izango, ezta? Apirilaren 15ean eta maiatzaren 6an (asteazkenak biak) arratsaldeko 18:00tatik 20:00tara Potxoenean jai parekideen aldeko formakuntza. Animatu!".

"Persepolis", apirilaren 19an

Martxoaren 8aren bueltan proiektatzekoak ziren filma atzeratu egin zuten gero, 19. Korrika egunarekin egokitu baitzen. Hitzordu berri bat finkatu dute Matrakak taldekoek, "Persepolis" filmaz gozatzeko. Apirilaren 19an eskainiko dute, 18:00etatik aurrera Sutegin. Emanaldirako sarrera, doan.

#Kilometroak15: apirileko agendaApirilak 11, larunbata

19:30 Atea Teatro taldearen “Zu Gabe” antzezlana Sutegin.

Sarrera: egunean bertan, 6 euro.

Edukia: “Nahi baino lehenago banandu ginen eta bizitzarekin aurrera jarraitu behar izan nuen, zu gabe. Eta justu orain, gehien behar zintudanean azaldu zara”. Eskaini halako aukera edozeini, berriz topo egitea inoiz aurkitzea espero ez duen maite duen harekin.

Pertsonaiek partekatzen duten elkarrizketan zehar gatazka asko azalduko dira. Belaunaldi ezberdinetatik gizartea, familia eta norbanakoari egindako begirada ikusiko dugu. Bizitzaz eta heriotzaz hausnarketa egingo dute. Dramaren xedea ikuslea hunkitzea baino gogoetara eramatea da. Lan honek aktoreei sentimenduz eta egiarekin jokatzen duen antzezpena eskatzen die”.

Zuzendaria: Alex Tello usurbildarra.

Aktoreak: Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa.

Musika: Mikel Laboa.

Eszenografia: Jose Luis Zumetaren irudiak.

Argiztapen diseinua: Xabier Lozano.

Apirilak 15/Maiatzak 6

18:00-20:00 Jai parekideen aldeko formakuntza saioak Potxoenean. Bideratzailea: Miren Guillo (Emagin Elkartea).

Apirilak 22, asteazkena

19:00 Abestiaren eta bideokliparen aurkezpena Sutegin. "Kilometroak 2015 Gattunk ekimenaren abesti eta bideoklipak aurkeztuko dira ikuskizun batean. Bertan, emaitzez gozatzeaz gain, hau da, abestia zuzenean entzun eta bideoklipa ikusteaz gain, prozesuaren nondik norakoak, letrak eta bitxikeriak ere azalduko dira".

Apirilak 29, asteazkena

20:00 Aurreestreinaldia Artzabal tabernan: “Ekoetikopatetikobikoa” (poltsiko antzerkia).

Sarrera: egunean bertan, 5 euro (antzerkia+pintxoa).

Iraupena: ordu bat.

Aktoreak: Anabel Arraiza eta Jabier Rodil.

Gidoia eta zuzendaritza: Alex Tello.

Edukia: "Biki eta Viktor pisukideak dira eta bion arteko elkarbizitza tirabiran pasatzen dute. Victor etxebizitzaren jabea da eta lanik egiten ez duenez Bikik ordaintzen dion errentarekin eguneroko gastuei ozta aurre egiten die. Alokairua kontratuaren berritzearekin batera hasiko da eztabaida eta saltsa. Donostia Kulturak Poltsiko Antzerki Sorkuntza 2015erako aukeratutako proiektua".

Antolatzailea: #Kilometroak15.