Ostiralera arteko epea, udan haur sahararrak etxean hartzeko egitasmoan izen emateko

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 9a, 08:56

Apirilaren 10era arte zabalik dago Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, "Oporrak Bakean" izeneko proiektuan izen emateko epea. Egitasmo honen bidez, errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren 7-12 urte arteko haur sahararrei, udan bi hilabetez, euren egoera gatazkatsutik eta desertuko bizi baldintza gogorretatik urrundu eta "beste errealitate bat ezagutzeko aukera" eman nahi zaie.

Egitasmoaren nondik norakoak Gizarte Zerbitzuetatik helarazitako ohar honetan dituzue:

"1976tik saharar herria zatiturik bizi da. Errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartu zituztenak Argeliako Hamadan bizi dira, desertuko tokirik gogorrenean. Bertan euren seme-alabak jaio eta hazi ziren. Errefuxiatu egoerak eta lekuko zailtasunen ondorioz, bizirauteko beharrezkoak direnak kanpo laguntzaren bidez iristen dira. Oporrak Bakean proiektua, gerratearen irrazionalitatearen ondorioz baztertuak izan ziren saharar herriarekiko elkartasun keinua da.

Egitasmoaren helburua, 7 eta 12 urte bitarteko haur sahararrei udaran errefuxiatu kanpamentuetan bizi duten egoera gatazkatsutik urrunduz, bi hilabetez beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematea da eta bide batez, desertuan pairatzen den tenperatura altuetatik babestea.

Usurbilgo Udalak hiru urte daramatza elkartasun ekimen honekin bat egiten eta denbora tarte horretan hiru haur saharar izan dira herrian, Usurbilgo familiak harreran hartuta. Aurtengoan ere, Udalak bat egin du programarekin".

Informazio gehiago eta izen ematea:

Gizarte Zerbitzuak

Nagusia 43

943 377 110

gizartelangilea3@usurbil.eus

Oharra: epea, apirilaren 10era arte.