"Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskurapen prozesuan? Lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparitu dizkigute. Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkariek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten digute eta, bide batez, guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini".
Euren ahotsak, "Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz” jaso ditu Garabide Elkarteak eta otsailaz geroztik, ikus-entzunezko lana herriz herri proiektatzen dabiltza. Aurkezpen bira horren baitan helduko da proiekzioa Usurbila ere, aipatu elkartearen, Udalaren eta NOAUA!ren eskutik. Datorren asteazkenean, apirilaren 15ean, 18:00etan Sutegiko auditorioan ikusi ahalko duzue. Garabide Elkarteak sarean zintzilikatu duen trailerra duzue albiste honi atxikia, aurrerapen moduan.
Kooperazio era berria egiten duen elkartea da Garabide, esperientzien elkartrukean oinarritzen den lankidetza. "Hizkuntza gutxituak dituzten Hegoaldeko herri indigenekin euskararen berreskurapen esperientzia hori partekatzea da gure helburua, beti ere hizkuntzaren eta kulturaren biziberritzeak jasangarritasunarekin, giza eskubideen defentsarekin eta ekitatearekin duen nahitaezko ikuspegitik. Partekatzetik, euren ekimenak ezagutu eta modu eragilean euskalgintzaren esperientzia nazioartean zabaldu nahi dugu".
Informazio gehiago: garabide.eus