Aldundia-Udala lankidetza hitzarmena, Irisasi kudeatzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 9a, 12:59

Irisasi mendia kudeatzeko hamar urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak. Kudeaketa lana, mendiaren herri eginkizuna errespetatuz egingo dela hitzartzen dute bi erakundeek. Honako lehentasunok finkatu dituzte:

-Bertako baso naturalaren aniztasun biologikoa berreskuratzea eta babestea.

-Irisasi mendian dauden ur baliabideak babestea, Erroizpe ingurukoa bereziki.

-Irisasi mendiaren ondare kulturala babestea eta herritarren aisialdirako erabilerak ahalbidetzea.

-Nekazal-baso larretzerako erabilera antolatzea,  beti ere bertako errealitate eta herritarren beharren arabera.

-Basoaren ustiapen iraunkorra bultzatzea, zeregin ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak uztartuz.

Mendia ustiatzeko kudeaketa plan bat lantzeko edukiok ere zehaztu dituzte Aldundiak eta Udalak:

-Mendiaren egoeraren analisia eta ondasunen inbentarioa, bere ahalmenak eta ustiaketarako mugak azalduz.

-Hobekuntza plana, bertako baso naturalaren berreskurapena planifikatzen duena.

-Urak babesteko planifikazioa.

-Bide sareraren planifikazioa, beharrezkoak diren bideak soilik eusteko, eta beste guztietan basoa berreskuratzeko.

-Kulturguneetarako eta aisialdirako planifikazioa.

-Artzaintzarako planifikazioa.

-Interes bereziko fauna eta flora babesteko planifikazioa.

-Basoaren ustiaketa ekonomikorako planifikazioa, beti ere hitzarmen honen bigarren klausulan azaldutako lehentasunak errespetatuz.

Irisasi kudeatzeko planifikazioa Foru Aldundiak onartuko duen arren, Usurbilgo Udalaren iritzia aintzakotzat hartuta landuko da. Onartu aurretik hain zuzen, "eta Usurbilgo Udalaren partaidetza bermatzeko, Udalari eskatuko zaio honi egoki iruditzen zaizkion ekarpenak egiteko. Hauek aztertu eta, egoki ikusiz gero, onartu ondoren, Aldundiak egokitutako planifikazioa igorriko dio Udalari, honek bere iritzia adierazteko. Planifikazioa onartuko duen Foru Aginduan erantzuna emango zaio Usurbilgo Udalak adierazitakoari".

Jarraipen batzordea

Hitzarmen honen baitan, sei hilabetero bilduko den jarraipen batzorde bat osatzea adostu dute bi aldeek. Urtean bitan gutxienez egingo diren bilkura hauetan, Foru Aldundiko eta Usurbilgo Udaleko hiruna ordezkarik parte hartuko dute. Hitzorduotan, "dagokion urtean eginiko lanen jarraipena egin eta aurreikuspenak zein diren zehaztuko dira".

Lankidetza hitzarmeneko sinatzaileak dituzue ondoko irudian; Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru diputatua eta Mertxe Aizpurua, Usurbilgo Udaleko alkatea.