Iaz 150.000 lagun bildu zituen Durango-Iruñearekin lotu zuen euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-kateak. Aurtengorako erronka berrian parte hartzeko gonbita luzatu dute Gure Esku Dago mugimendutik; ekainaren 21ean, hiriburuetan hautesontzi erraldoiak osatzeko deialdia egin dute. "Hautesontzi erraldoi horiek norbere atxikimendu pertsonalak elkarri josiz osatuko ditugu, eta, horretarako, oihal-zatiak erabiliko ditugu", antolatzaileen esanetan. Oihal zati bakoitzean, 20 lagun atxikituko dira, eta bakoitzak bere zatian, nahi duena idatzi edo marraztu dezake. "Atxikitzerakoan, gure oihal-zatia pertsonalizateaz gain, euro bat ordaindu eta saretu-txartela beteko dugu. 16 urtetik beherakoek, oihal-zatia marraztu eta euroa ordaindu ondoren, ez dute saretu-txartela bete beharrik izango", ohartarazi dutenez.
Saretu-txartela betetzeko, argibide gehiago jasotzeko, edo kamiseta berriak erosteko, gerturatu Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoek ostiral arratsalde honetan, 19:00etatik aurrera frontoi inguruan jarriko duten mahai ibiltarira. Tutore lanak egitera animatzen direnak ere gerturatu daitezela Gure Esku Dago lan taldekoengana. "Orain arte iritsi ez garen jendearengana iristeko, tutorearen figura ere sortu dugu. Horrela, herriko futbol taldeko kide batek, bere talde guztia atxikitzeko ardura izango du, edo enpresako langileak bere lankideak animatuko ditu, edo eskolako irakasle batek, beste irakasleak...", antolatzaileen esanetan.
Ehuntze Eguna, maiatzaren 9an
Iaz erabakitze eskubidearen aldeko giza-katearekin egin bezala, aurten, Gure Esku Dago mugimenduak herriz herri ehundu nahi du erabakitze eskubidearen aldeko aldarria. Hilabeteotan, mahai ibiltaria jartzeaz gain, Usurbilgo lan taldeak, udalerri mailako Ehuntze Eguna antolatzen dabil maiatzaren 9rako. Eta ekainaren 21ean, "urte osoan herriz herri ehundu dugun sare horren Joste Eguna izango da. Herrialdez herrialde, borondate ezberdinen batura hori eraikiko dugu. Hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditugu, eta horiek, etorkizun hurbilean, gure borondatea eta erabakia libreki azaltzeko aukera emango digute".
Informazio gehiagorako: http://gureeskudago.eus/