Ekainaren 21ean Donostiara, erabakitze eskubidea ehuntzera

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 11a, 14:35

Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko hurrengo erronka handirako eguna finkatua dago; 2015eko ekainaren 21a. Eta larunbat honetatik, zehaztuak baita, milaka herritar batu nahi dituzten ekimenerako guneak ere; hiriburuetako kirol instalakuntza nagusiak. 150.000 lagun bildu zituen iazko giza-katearen ostean, Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 21erako antolatzen ari diren ekimen erraldoirako prestaketa lanak abiatu ditu. Oihal zati ezberdinekin hautesontzi erraldoiak osatu nahi dituzte herritarren laguntzaz, Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Herri baten borondatea irudikatu nahi dute, egun eta ordu berean; ekainaren 21ean, arratsaldeko 17:30etan. Zubietar, usurbildar eta aginagarrak, Donostiara joateko deituko dituzte, Anoetako futbol zelaira.

Leku mugatua izanik eta antolakuntza gastuei aurre egiteko, Anoetako futbol zelaiko hitzordura joateko sarrerak salgai jarriko ditu Gure Esku Dagok, apirilaren 21etik aurrera. 10 eurotan helduentzat, 5 eurotan haurrentzat. Bestalde, aurrez, eguerdi partean, erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate bana burutuko da oihal zatiekin, hiriburu bakoitzean. Hala iragarri dute antolazaileek, larunbat honetan egin duten agerraldian. Ekaineko hitzordua, erabakitze eskubidearen aldarrikapenetik gauzapenera igarotzeko mugarria izango dela esan dute.

Usurbildar, aginagar eta zubietarrak beraz, ekainaren 21ean Donostian egingo den erabakitze eskubidearen aldeko hitzordura deituko ditu Gure Esku Dago mugimenduak. Usurbilgo lan taldeak hilabeteak daramatza, besteak beste, ekimen erraldoi honetarako prestaketa lanetan. Ostiral arratsaldean atera zuen kalera, iaz giza-katearekin egin bezala, ekainaren 21eko ekimenerako izen emateko mahai ibiltaria. Sutegi atarira hain zuzen. Datozen asteotan ere, gehiagotan aurkituko dituzue kalean. Mahai ibiltarian, ekainaren 21ko ekimenerako izena eman edota jada salgai dituzten kamiseta berriak erosteko aukera dago.

Atxikimendu pertsonalez osaturiko hautesontziak

Iaz 150.000 lagun bildu zituen Durango-Iruñearekin lotu zuen euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-kateak. Aurtengorako erronka berrian parte hartzeko gonbita luzatu dute Gure Esku Dago mugimendutik; ekainaren 21ean, hiriburuetan hautesontzi erraldoiak osatzeko deialdia egin dute. "Hautesontzi erraldoi horiek norbere atxikimendu pertsonalak elkarri josiz osatuko ditugu, eta, horretarako, oihal-zatiak erabiliko ditugu", antolatzaileen esanetan. Oihal zati bakoitzean, 20 lagun atxikituko dira, eta bakoitzak bere zatian, nahi duena idatzi edo marraztu dezake. "Atxikitzerakoan, gure oihal-zatia pertsonalizateaz gain, euro bat ordaindu eta saretu-txartela beteko dugu. 16 urtetik beherakoek, oihal-zatia marraztu eta euroa ordaindu ondoren, ez dute saretu-txartela bete beharrik izango", ohartarazi dutenez.

Saretu-txartela betetzeko, argibide gehiago jasotzeko, edo kamiseta berriak erosteko, gerturatu Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoek asteotan kalean jarriko duten mahai ibiltarira. Tutore lanak egitera animatzen direnak ere gerturatu daitezela Gure Esku Dago lan taldekoengana. "Orain arte iritsi ez garen jendearengana iristeko, tutorearen figura ere sortu dugu. Horrela, herriko futbol taldeko kide batek, bere talde guztia atxikitzeko ardura izango du, edo enpresako langileak bere lankideak animatuko ditu, edo eskolako irakasle batek, beste irakasleak...", antolatzaileen esanetan.

Internet bidez ere oihal zatiak eskuratu eta pertsonalizatu daitezke.

Ehuntze Eguna, maiatzaren 9an

Iaz erabakitze eskubidearen aldeko giza-katearekin egin bezala, aurten, Gure Esku Dago mugimenduak herriz herri ehundu nahi du erabakitze eskubidearen aldeko aldarria. Hilabeteotan, mahai ibiltaria jartzeaz gain, Usurbilgo lan taldeak, udalerri mailako Ehuntze Eguna antolatzen dabil maiatzaren 9rako. Eta ekainaren 21ean, "urte osoan herriz herri ehundu dugun sare horren Joste Eguna izango da. Herrialdez herrialde, borondate ezberdinen batura hori eraikiko dugu. Hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditugu, eta horiek, etorkizun hurbilean, gure borondatea eta erabakia libreki azaltzeko aukera emango digute".

Informazio gehiagorako: http://gureeskudago.eus/