"San Estebango Jaiak. Auzotik auzoarentzat?"

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 14a, 09:17

Kezkatuta idatzi du NOAUA!ra, abuztu hasieran Urdaiagako Xanistebanak antolatzeaz arduratzen den jai batzordeko kide batek. Ez dituztela tradizio luzea duten festak galtzerik nahi, baina une honetan lagun gutxi daudela antolaketa lanetarako. "Urte askotan zehar jai batzordean lan handia egin duten beste auzotarrei erreleboa hartzeko komeriekin gabiltza, eta beste urteetan ez bezala, aurtengoan, oraindik jaiak antolatzen hasteke gaude. Jai batzordeko partaide garenok, inondik inora ez genuke nahi jai hauek galtzea, baina momentu honetan, jai batzordean oso kide gutxi gara, eta ez gara gai ikusten festa guztiak geure kabuz aurrera eramateko", berri eman du, NOAUA!ra helarazi duen idatzi baten bidez.

Apirilaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Urdaiagako plazan bilera ireki bat deitu du Jai Batzordeak. Auzotar guztiak deituak daude hitzordura. Jaietarako ekarpenak eta antolaketa lanetan laguntzeko jendea bildu nahi dute. Bertaratu ezin duenak, ekarpenak egin edo antolakuntza lanetan parte hartzeko helbide honetara idatzi dezala, izen abizen eta telefono zenbakiak utziz: xanistebanak@gmail.com

Hona hemen, Urdaiagako Jai Batzordeko kide batek NOAUA!ra helarazi duen idatzia, bere osotasunean:

San Estebango Jaiak. Auzotik auzoarentzat?

Abuztuko lehen astean ospatu ohi dira San Estebango jaiak, eta jakina, horrek, aldez aurretiko antolakuntza eta konpromisoa suposatzen du. Geure gurasoengandik entzundako makina bat istorio etortzen zaizkigu burura, euren gazte garaietan zenbat esfortzu eta ahalegin egindakoak ote dira gure aurreko belaunaldiak San Estebango plazan…

Garaiak aldatu egin dira, ordea, eta ez guk nahi genukeen bezala. Azken urteetan, antolatzaileen gainbehera nabarmena eman da San Esteban auzoan, beteranoenak euren lekuak uzten joan diren heinean, oso gazte gutxi batu baitira jai batzordera. Hortaz, urte askotan zehar jai batzordean lan handia egin duten beste auzotarrei erreleboa hartzeko komeriekin gabiltza, eta beste urteetan ez bezala, aurtengoan, oraindik jaiak antolatzen hasteke gaude.

Jai batzordeko partaide garenok, inondik inora ez genuke nahi jai hauek galtzea, baina momentu honetan, jai batzordean oso kide gutxi gara, eta ez gara gai ikusten festa guztiak geure kabuz aurrera eramateko. Ondorioz, gogoeta egiteko ordua delakoan gaude, eta auzotar guztiek hausnartu dezatela ea San Estebango jaiak mantentzeko ilusio eta gogorik ba ote dagoen. Aurtengo festak, besteetan baino sinpleagoak izanda ere ez da ezer gertatzen, baina geure helburua jai batzordeak berriz ere martxa hartzea litzateke, eta horretarako ahalik eta auzotar gehienen laguntza behar dugu.

Hori dela eta, deialdi guztiz ireki bat luzatu nahi diegu auzotar guztiei, izan haur, gazte edo helduei, jai hauek mantendu eta auzotik auzoarentzat ongi pasatzeko aukera izan dezagun guztiok. Lehen deialdi honetara agertzen den pertsona orok izango du bere iritzia eta ikuspegia emateko aukera. Bilera ireki hau San Estebango plazan egingo da apirilaren 24an, ostirala, arratsaldeko 19:00tan. Bertaratu ezin duenak, baina, festen antolakuntzan parte hartzeko gogoa duenak, idatz dezala mezu bat xanistebanak@gmail.com helbidera bere izena eta telefonoarekin. Eskerrik asko.

San Estebango Jai Batzordeko kide bat.