Usurbilgo Udala berritzera doa Askatasuna plazako haur parkea. Jolastoki berriko jolasak herritarrekin batera aukeratu nahi dituzte ordea. Horregatik, Udalak herritarren iritzia bildu nahi du. Parke berriko jolasak hautatzeko lehiaketa publikoa deitu dute, eta bertara aurkeztu diren enpresen jolastoki proposamenak zeintzuk diren ezagutuko dituzue laster, etxeko postontzian jasoko duzuen eskuorri batean. Proposamen bakoitzaren irudiaren eta ezaugarri nagusien deskribapenaren berri emango da eskuorri honetan.
Baina adi, proposamen bakoitza, aldi berean, bozka paper bat izango baita. Bertan zuen izen abizenak idatzi eta gustuko duzuen jolastoki proposamenaren alde bozkatu ahalko duzue, apirilaren 24tik maiatzaren 4ra arte, Udalak jarriko dituen hautesontzietan. Hautesontziok udal erregistroan, Sutegin, Kiroldegian, edota ikastetxeetan (Haur Eskolan, Udarregi Ikastolako idazkaritzan, Zubieta eta Aginagako Eskola Txikietan) jarriko ditu Udalak. Familia bakoitzeko bozka bakarra onartuko da. Udalak proposatuko dituen aukeren berri, Sutegiko erakusleihoan jarri asmo dute baita. Herritarren bozkak jolastoki berria ezartzerakoan kontuan hartuko dira, beste irizpide batzuekin (teknikoak, ekonomikoak...) batera. Jolas parkea bakarrik ez, Askatasuna plaza bera ere berritu nahi du baita Udalak.