4 urtetarako 2 milioi euro herritarrentzat, eskualdean inbertitzeko

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 15a, 12:56

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuetako 20 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteotan, 10 eskualdeetako herritarrek gauzatu nahi dituzten egitasmoetara. “Foru Aldundiak bere aurrekontuaren zati bat herritarren esku uzten du, herritarrek beraiek erabaki dezaten diru hori zertan erabili”, ohar bidez jakinarazi dutenez. Guztira 20 milioi euro. 10 eskualde izanik, “eskualde bakoitzak 2 milioi euro izango ditu datozen lau urteotan inbertitzeko”. Tartean, Buruntzaldeak. Aldundiak herriz herri urrira arte bideratuko duen prozesu parte hartzaile baten bidez erabakiko dituzte herritarrek, diru horrekin zer proiektu gauzatu nahi dituzten. Hauxe izango da prozesuaren egutegia:

1-Apirilaren 30era arte, herritarren proposamenak jasoko dira.

2-Ekaineko bigarren astean, jasotako proposamenen artean herritarrek proiektuen aukeraketa egin beharko dute.

3-Jarraian, Aldundiko teknikarien balorazioa.

4-Iraileko bigarren hamabostaldian, herritarrek behin betiko proiektuak aukeratuko dituzte.

5-Urrian, proposamenak Foru Aldundiaren 2016ko aurrekontuetan txertatuko dira.

Lehen saioa, apirilaren 23an

Apirilaren 30era arteko epea dute herritarrek, ekarpenak egiteko. Proposamenak jasotzeko bide ezberdinak ireki dituzte. Batetik, proposamenak idazteko triptikoak eta triptikoak uzteko postontziak jarriko dituzte udaletxean, Potxoenean, Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian, Aginagako Arrate zahar egoitzan eta Zubietako Alamandegin. Web gune honetan sartuta ere egin ditzakezue zuen proposamenak: aurrekontuahobetzen.eus (bertan informazio gehiago). Edo abiatzear den parte hartze prozesuko bileretara joanda. Lehen saioa, apirilaren 23an, 19:00-21:00 artean Potxoenean. Gaiotan adituak diren bi teknikarik bideratuko dute prozesua. Zuen ekarpenak egiterakoan bi irizpideok kontuan izan. “Proposamenak eskualdearentzako onuragarria eta Aldundiaren eskumenekoa izan behar du”, ohartarazi dutenez.