Kaxkoko bizikleta bideen sareko zati berri bat erabilgarri

Noaua Aldizkaria 2015ko api. 15a, 12:15

Udarregi Ikastola ingurutik Mikel Laboa plaza ondoko errotondaraino doan bide zatia da Udalak egokitu berri duena. Bizikleta gainean dabiltzanek bakarrik erabili ahalko dute. Ikastolatik jaisten den bide berria, Kiroldegi atari paretik igaro, errepidea gurutzatu eta anbulatorio ondoko aparkalekutik behera dator. Bide berriak, Gaztañaga pareko aparkalekuaren zentzua aldatzea ekarri du. Autoek orain ilaran aparkatu beharko dute, eta kontuz ibili, lurrean margotuak dauden marrek argi adierazi bezala, ondotik pasako baita bizikleta bide berria.

Bizikleta bide zati hau momentuz, Mikel Laboa plaza ondoko errotondaraino heltzen da. Errotondaren bueltan, lurreko eremu bat berdez margotua dagoela ikusiko duzue, eta ondoan, bizikletaren irudia duen seinale bat. Aurrerantzean, autoek ezingo dute eremu berde hau zapaldu. Gune honetatik kanpoko bide zatitik ibili beharko dute. Eta kontuz, ibilgailuek bizikleta erabiltzaileekin partekatu beharko baitute bide zati hau. Bizikleta erabiltzailerik baldin bada errotondan, lehentasuna bizikleta gainean doanak izango du, eta honenbestez autoek atzetik segi beharko dute.

Udarregi Ikastolatik Mikel Laboa plaza ingururaino jaisten den bizikleta bidea erabilgarri da dagoeneko. Baina Udalak, bizikletaren erabilera sustatzeko landua duen egitasmoa zabalagoa da. Bizikleta bideen sarea osatzen ari da pixkanaka. Ikusi, segidan datorren Usurbilgo Udalaren mapa. Bertan margotuak dituzue kolore ezberdinez, Kaxkoan aurreikusiak dauden bizikleta bideak: