Mariasun Landaren “Txan fantasma. Neskatila baten eta fantasma txiki baten arteko adiskidetasuna” liburuan oinarrituriko txotxongilo ikuskizunaz gozatzeko aukera ostegun arratsalde honetan, Usurbilgo Udalak antolatuta, 18:00etatik aurrera Sutegin. Bilboko “Pantzart teatrok” Sestaoko “Bihar” taldearekin batera ekoiztutako lanaz ari gara. 5-9 urte arteko haurrei zuzendua dago. Emankizuna, Titirijai Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zen, iazko azaroaren 27an.
"Txotxongilo antzezlana izateaz gain, oso berezia den neskato bat eta fantasma txiki baten arteko adiskidetasun istorio bat kontatzen du. Karmentxu umezurtza da eta bere izeba Edurnerekin bizi da. Bakarrik izanik, bere jostailuekin denbora luzea ematen du. Baina Txan fantasma bere logelan agertzen denean, bizitza guztiz aldatzen da. Elkarrekin ondo pasatzen dute eta bidaia bat egiten dute, jaietan dagoen herri batera iritsi arte. Biziki dibertitzen dira han, Arlekino txotxongiloaren teatrinoan, Txinkatxe Magoarekin eta zaldiko-maldikoan. Baina euren adiskidetasuna kolokan jartzen da, Karmentxu Arraroen etxean sartu nahi dutenean. Zer egingo ote du Txan gizajoak? Istorio honen bidez, bakardadea, kariñoa falta eta lagun imajinarioen gaiak planteatzen dira. Baita haur berezien integratzeko posibilitatea".
Irakurketa-topaketa, Liburuaren Egunaren bueltan
Txotxongilo ikuskizunaz gain, Sutegi udal liburutegitik ekitaldi gehiago bideratu dira, apirilaren 2ko Haur eta Gazte Liburuaren Egunaren eta apirilaren 23ko Liburuaren Egunaren aitzakiapean. Hilaren 24an, euskarazko irakurketa-topaketa berria antolatu dute, 19:00etan Sutegi udal liburutegian. Mikel Tabernaren "Alkasoroko benta" liburua komentatuko da, Pako Aristik gidatuko duen saioan. "Eleberri honen aleak, jada eskuragarri aurkituko dituzu Liburutegian", antolatzaileek ohartarazi dutenez.